argia.eus
INPRIMATU
Repsol Fundazioarekin hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzak, Jasangarritasun Energetikoaren Legea bultzatzeko
  • “Trantsizio energetiko inklusiboa” sustatzen duten proiektuetan lankidetzan aritzeko hitzarmena sinatu dute Antonio Brufau Repsoleko presidenteak eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 15
Argazkia: Irekia

“Eraginkortasun energetikoa eta ingurumen-iraunkortasuna sustatzeko, hedatzeko eta bultzatzeko” ekintzak elkarrekin garatzeko lankidetzan arituko dira Repsol Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza. Besteak beste, energia-eraginkortasuneko planak garatu, energia aurrezteko eta eraikin publikoetan energia berriztagarriak sustatu eta ezarri eta energia-azterketak egiteko sinatu dute akordioa.

Horrekin batera “energiaren arloko proiektu berritzaileak” bultzatzeko asmoa agertu dute Repsolek eta Jaurlaritzak, batez ere deskarbonizazioan “aurrera egiteko” digitalizazioari lotutakoak eta iraunkortasun energetikoaren inguruko prestakuntza, ezagutza eta sentsibilizazio jarduerak sustatuko dituzte, Jaurlaritzak adierazi duenez.

EAEko Euskal Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearekin, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin eta 2050erako Klima Aldaketaren Euskal Estrategiaren barruan kokatzen da hitzarmen hau. Repsol Espainiako Estatuko petrolio eta gas enpresa nagusia da, eta, oraingoz, lurralde ugaritan atmosferara berotegi efektua areagotzen duten gas gehien isurtzen duena, kutsatzaileena.

Industria iraultzatik gaur egunera isuri diren atmosfera kaltetzen duten gasen bi heren ekoitzi dituzten 90 enpresen artean dago Repsol, eta Kyotoko Protokoloan eta Parisko Akordioan mundu mailako emisioen %71ren 100 enpresa transnazional arduradunen zerrendan 46. ageri da.

Irudi horri buelta eman nahi dio Repsolek, eta bere buruari jarri dion helburua da 2050erako emisiorik gabeko enpresa izatea. Horretarako bidea luzea izango da dirudienez. Hain zuzen ere, oraingoz ez du bere jardunean emisiorik apenas gutxitu, ez ditu atzerriko prospekzioak geratu eta etorkizunerako mahai gainean jarritako alternatibak ez dira oso itxaropentsuak. Besteak beste hidrogeno “berdea” da Repsolen apustuetako bat, Euskal Herrian bertan, esaterako, Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute, Petronor-Repsolek bultzatuta; Repsolen adarra da Petronor (Kutxabankena da enpresaren %14, gainerakoa Repsolena). Hona hemen gaiaz Pello Zubiriak idatzitako erreportajea.

“Garai zailak datoz”

Hitzarmenaren sinatze ekitaldian adierazpenak egin zituen Iñigo Urkullu lehendakariak. Besteak beste, energiaren aurrezpenean eta energia iturrien dibertsifikazioan sakondu beharko dela esan zuen, “datozen garai zailek” behartuko baitute. Egoera okertuko balitz horniduraren murriztapenak eta energiaren prezioen igoerak baztertu ezin direla ere azpimarratu zuen.

Horren aurrean trantsizio energetikoa azkartzeko beharra azaldu zuen, horretarako konpromiso indibidual eta kolektiboaren garrantziaz hitz egin zuen, eta energia berriztagarrien ezarpen eta erabilera, energia iturrien dibertsifikazioa, aurrezpena eta efizientzia azpimarratu zituen.