argia.eus
INPRIMATU
Renferen doako abonuak: nola funtzionatzen dute?
  • Hainbat abonu jarri ditu Renfek eskuragarri. Abuztuaren 24tik aurrera eskuratu daitezke eta helburua garraio publikoa sustatzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea da.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 24a
Erdi-distantziako trena Donostiako estazioan. Argazkia: Wikimedia Commons.

Neurri berri honek garraio publiko kolektibo horren erabilera bultzatu nahi du, “eguneroko mugikortasuna bermatzeko garraiobide seguru, fidagarri, eroso, ekonomiko eta jasangarri batekin”. Aurretik fidantza bat jarri beharko du abonua eskuratu nahi duenak. Erabili nahi duen bidaia motaren araberakoak dira abonuak: Aldiriko trena, erdi-distantzia, erdi-distantziako abiadura handikoa edo zabalera metrikoa. Abonuen fidantza 10-20 euro artekoa da eta abonua amaitzean dirua itzuliko zaio erabiltzaileari.

Espainiako Gobernuak abuztuaren 1ean onartu zituen %100eko hobariak aldiriko eta erdi-distantziako ohiko bidaiarientzat, Ukrainiako gerrak eragindako prezioen igoerei aurre egiteko asmoz. Horregatik, fidantza jarri ostean abonuaren gutxieneko bidaiak eginez gero, dirua itzuli egingo dio Renfek erabiltzaileari. Fidantzaren itzultzea errazteko Renfek aholkatu egiten du kreditu edo debitu txartela erabiltzea, prozesua errazagoa eta azkarragoa izan dadin. Abonuaren txartela edo QR kodigoa gordetzea garrantzizkoa da, batez ere bermea berreskuratu nahi bada.

Espainiako Gobernuak adierazi duenez, garraio publikoaren erabilera sustatu eta ibilgailu pribatuen erabilera gutxitzeko asmoa bete nahi du, eta bide batez dependentzia energetikoa eta karbono aztarna gutxitu.

Abonuak irailaren 1ean jarriko dira martxan eta abenduaren 31n amaituko dira —Avant abonuak ezik, erosi eta hainbat egunera arte erabili daitezke eta, 2023ko urtarrilaren 31ara arte erabili ahal izango dira—.

Abonu motak

Azaldu moduan, lau abonu mota daude, bidaiariak egiten duen bidaiaren araberakoak. Informazioa Renferen web orrian dago.

Lehen abonu mota doakoa da eta aldiriko trenak erabiltzen dituztenentzat pentsatuta dago. Irailaren 1etik abenduaren 31ea arteko erabilera-epea du eta 10 euroko fidantza jarri beharko da. Lau hilabete horietan hamasei bidaia eginez gero, fidantza itzuli egingo zaio erabiltzaileari. Renfe Cercanías aplikazioan erosi daiteke edo estazioetako leihatila edo makinetan.

Bigarren abonu mota ere doakoa da eta erdi-distantziako zerbitzuen abonua da. Honek ere irailaren 1etik abenduaren 31ea arteko erabilera-epea du baina fidantza 20 eurokoa da. Lau hilabete horietan hamasei bidaia eginez gero, fidantza itzuli egingo zaio erabiltzaileari. Renferen aplikaziotik erosi daiteke abonua, baita renfe.com webgunean, estazioetako lehiatiletan edo makinetan. 

Hirugarren abonu mota aurretik aipatutako Avant abonua da, bidaiak erdi prezioan eskuratzeko aukera ematen duena. Bidai hauek erosteko aurretik zeuden abonuak mantendu egingo dituela adierazi du Renfek, baina prezio erdian. Aurreko abonu hauek erdi-distantziako abiadura handiko trenentzako dira eta honakoak dira: Plus Txartela: 30 eta 50 bidai artean, joan edo etorria, beti ibilbide berdina eginez bi estazioren artean. Erosten denetik 90 eguneko baliozkotasuna du, behin lehen bidaia eginda 60 egunekoa. Plus 10 Txartel Normala eta Ikasleentzakoa: 10 bidai, joan edo etorria, beti ibilbide berdina eginez bi estazioren artean. Erosten denetik 30 eguneko baliozkotasuna du, behin lehen bidaia eginda 20 egunekoa. Eta azkena Plus 10-45 txartela: 10 bidai, joan edo etorria, beti ibilbide berdina eginez bi estazioren artean. Abonuak eskuratzeko aukera irailaren 1etik aurrera egongo da ohiko bideetan: Renferen aplikazioa, renfe.com web orria, estazioetako leihatilak edo makinak. Erosten denetik 45 eguneko baliozkotasuna du.

Azkenik, zabalera metrikoko abonuak daude, doakoak direnak baita ere. Horrek ere irailaren 1etik abenduaren 31 arteko erabilera-epea du eta fidantza 10 eurokoa da aldiriko trenentzako eta 20 eurokoa erdi-distantziarako. Hau lortu ahal izateko NAN txartela edo telefono zenbakia grabatuko da. Guneko edozein jatorriren/helmugaren artean bidaia mugagabeak egiteko balio du. Lau hilabete horietan hamasei bidaia eginez gero, fidantza itzuli egingo zaio erabiltzaileari.