argia.eus
INPRIMATU
Renfeko segurtasun zaindariak, gaztelaniaren jagole
  • "Estamos en España y la lengua oficial es el castellano", erantzun zieten Ordiziako tren geltokian zeuden segurtasun zaindariek Legorretatik zetozen bidaiari batzuei, txartelik zergatik ez zeukaten euskaraz azaltzen hasi zirenean.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 14a
Segurtasun zaindariek ertzainei hots egin zieten, bidaiariek euskaraz egin zutelako.

"Maiatzaren 1ean, trenetik jaitsi ginen. Ordiziako tren geltokian leihatila itxita eta ate automatikoak zabalik zeudenez, pasatzen hasi ginen", diote Edurne Huesak, Antonio Aierbek, Jose Manuel Aranzabek eta Pedro Maria Olanok Berria egunkarian plazaratutako Tren geltokian euskaraz? gutunean.

"Renfeko segurtasun zaindariek txartelak eskatu zizkiguten, gazteleraz. Legorretatik zetozenak txartelik gabe zergatik zeuden euskaraz azaltzen hasi ziren, eta gazteleraz egiteko erantzun zieten. Euskaraz segi, eta 'estamos en España y la lengua oficial es el castellano', erantzun ziguten. Makinara joan ginen txartela ateratzera gure artean euskaraz eginez, eta haiek gazteleraz egiteko, bestela ertzainei deituko zietela".

Eta halaxe egin zuten: ertzainei deitu zieten.

"Zortzi ertzain etorri ziren, eta lehenengoak gazteleraz egin zigun. Euskaraz egiteko eskatu genion, eta ezetz. Plaka zenbakia eskatu genion, eta, lehenengo, zer gertatu zen gazteleraz azaltzeko esan ziguten. Guk, ezetz, hemengo hizkuntza ofiziala euskara dela eta euskaraz egin nahi dugula. Azkenean ertzain bat euskaraz hasi zitzaigun esanez gazteleraz egiteko, besteek ulertzeko, errespetuz. Eztabaida ezerezean geratu zen, eta txartela atera zuten bi lagunen datuak hartu zituzten".

Gutunaren sinatzaileek Renferi eskatu diote beharrezko neurriak har ditzala tren geltokietan euskaldunak gazteleraz egitera behartuak izan ez daitezen. Eusko Jaurlaritzari, behar diren legezko neurriak har ditzala euskaldunak euskararen herrian gazteleraz egitera behartu ez ditzaten. Eta Ertzaintzari, beharrezko neurriak har ditzala euskaraz artatuak izateko.