Renfeko tren eta geltokietan euskaraz ari direnek izandako arazoen salaketak ugaritzen doaz. Duela bi aste Ordizian gertatutakoak izan du jarraipena, eta Legorretan ere "hau Espainia da, eta egin gaztelaniaz" leloa bere egin dute treneko segurtasun zaindariek.
Berria egunkarian argitaratu dutenez, astearte iluntzean trenera igo zen bidaiari bat bizikleta eta guzti. Zaindariak esan zion ate ondoan zegoen beste baten gainean jarri behar zuela. Bidaiariak, euskaraz, bizikletaren jabeari baimena eskatu eta zaindariak elkarrizketa itzultzeko eskatu zion lehenengo bizikletaren jabeari.
Renfek ikerketa martxan Ordiziako gertakariagatik
Ordiziako bost lagunek Berrian publikatutako iritzi artikuluaren harira Renfek barkamena eskatu du, eta gertatutakoa ikertzen hasiko dela jakinarazi du. Tren konpainiak onartu du "euskara ere" hizkuntza ofiziala dela eta hizkuntza normalizazioa lortzeko neurriak hartuko dituela jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritzara salaketa iritsi da, Elebiden, hizkuntza eskubideen EAEko bulegoan, idatzia aurkeztu baitute kaltetuek.
Segurtasun sailak berriz, adierazi du maiatzaren lehenean ertzainek izan zuten jokabidea ikertzen ari dela. Sailaren arabera bidalitako ertzain gehienak euskaldunak ziren, eta "beren bertsioa kontatzeko" eskatu diete. Ohar ofiziala kaleratuko dutela ere jakinarazi dute.