Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek azalpenak eman zituen Nafarroako Legebiltzarrean, duela hamabost hilabete amaitu baina orain arte plazaratu gabe egon den presaren segurtasunaren inguruko ikerketa baten harira. Ikerketa Espainiako Gobernuaren enkarguz egin zen.
Oposizioko alderdiek Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren gaineko autoritate falta leporatu zioten eta ondorio zientifikoen ziurgabetasun zein aurreikusitako aurrekontuak laukoiztea mahaigaineratu zuten berriz.
Urtegia beteko balitz, ezingo litzateke segurtasuna bermatu. Hauxe da Esako Urtegiaren inguruko azken ikerketaren ondoriorik nabarmenena, Adolfo Araiz Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramailearen ustetan, bere alderdiak urriaren 18an deituriko batzordean adierazi bezala. 600 orrialde baino gehiago dituen informeak esaten du “ez dela posible segurtasun faktore onargarririk demostratzea”. Hau da, ezin da jakin Espainiako Gobernua eraikitzen ari den presa berriak uraren indarrari eutsiko ote liokeen.
Bitartean, obrak aurrera darrai. Dagoeneko urtegiaren edukiera bikoizteko obra 22 urtez luzatzen ari da, eta ez zaio amaierarik antzematen. Aurrekontuari dagokionez, bider 4,5 egin da: 100 milioi eurotik 450 miloi eurora. “Merezi al du?”, galdetu zion Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simon bozeramaileak Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeari.
Honek, ordea, erantzuna “Espainiako Gobernuari dagokiola” dio, hura baita obren kudeatzailea eta azken txostena enkargatu duen erakundea. Arazoa kasu honetan, Navarra Sumako José Suarezen iritziz, Remírezek Espainiako Gobernuaren aurrean duen autoritate falta da, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak ikerketa duela 15 hilabete jaso baitzuen eta ez zion uztailera arte Foru Gobernuari erakutsi, honek eskatuta ere.
Remírezen alderdikide den Blanca Rodríguezen hitzetan, “segurtasunari dagokionez ondorio irmoagoak” espero zituzten. Dena den, aurtengo udako lehortearen ondoren urtegia minimo historikoetan dago eta momentu honetan ibaian beherako biztanleen segurtasuna ez da kezka nagusia. Podemoseko Ainhoa Aznarez bozeramaileak adierazi zuenez, “adituen ustetan 2050. urtean Esa urez hornitzen duen Aragoi ibaiaren emaria %26 murriztuko da”. “Krisi klimatikoa ikusita, presa ikaragarri handia izateak ez du ezertarako balioko”.
Nolanahi ere, egoera beti da latza: neguan sekulako euriteen ondorioz bat-batean urtegia betetzeko aukera sortuko balitz, protokolo internazional guztien arabera, Zangoza eta ibaian beherako herriak ebakuatu beharko lirateke. Edozein kasutan, urtegia guztiz betetzea oso zaila izango denez, ez dirudi halakorik gertatuko denik eta, hortaz, herritarrak lasai egon daitezke. Hori bai, hango biztanleen lasaitasuna garesti ordainduko genuke: 450 milioi eurotik gora alferrik galduta.