Pare bat egunetan irakurri dut joan den astean bertan kaleratutako Lo díficil es perdonarse a uno mismo liburua (Ediciones Península). El Mundok artikulu honetan (La andaluza y el etarra arrepentido) destripatzen du liburua eta Jordi Évolek egindako elkarrizketak Salvados programan.
Arrazoi dute diotenek denbora daramatela euskal komunikabideek kontatzen horrelako istorioak (kanpoko adibide bat: TV3ko 30 minuts, bertan askoz ere lasaiago agertzen da atzoko elkarrizketatua) baina programa honek agenda markatzen du. Badakit ere beste hainbat gauza ez direla kontatzen, oharkabean pasatzen direla edo ezkutatu egiten dizkigutela horrelako saioek. Tortura kasuak, adibidez.
Ez da gehiegi zehazten liburuan, baina argi eta garbi adierazten dira jasandako torturak. Rekartek esaten du berak 14 urte zituenean aita atxilotu zutela, txikitu egin zuela Guardia Zibilak eta, kartzelan hainbat aste pasa ondoren, aske geratu zela. Harrigarria egiten zait preso ohia ulerkor agertzea: poliziari aukera gutxi geratzen zaizkiola ematen du aditzera. Jorge del Curak esaten dituenak irakurtzea komeni.
Zergatik irakurri dut liburua?
Iñaki Rekarte irundarra da eta ni baino hiru urte gutxiago ditu. Gazte garaian Moskun (Urdanibia plazan) ibiltzen ginen, baina apenas ezagutzen dut, nahiz eta gertuko jendea izan tartean. Aspaldidanik dut haren “azañen” berri, baina liburua erosi eta irakurri dut jakiteko berak zer kontatu nahi duen: bere bertsioa. Horretarako Mikel Urretavizcaya kazetariaren laguntza izan du (El Mundok igandean zioenaren arabera). Kontakizuna oso española da, baditu batzuetan tokiak eta giroak adierazteko esaldi merkeak, baina, tira, azkar irakurri daiteke eta asko kontatzen da bertan.
Ez zait ahazten Trebiño apaizak hiru urteko kartzelaldia bete behar izan zuela Santanderreko atentatuaren ostean Irungo inauterietara etorri zirelako bera eta beste komandokide bat (lo egiteko toki baten bila hurbildu zitzaizkion). Oso gogoan dut Irungo bi anai drogazale eta trapitxeroren kontrako atentatua, oso aipatua izan zelako hori ere garai hartan. Txanpona airera botata erabaki omen zuten Juanrak egingo zuela tiro (hirugarren kidea, garai hartako gobernadore zibila zen Goñi Tirapuren semeak ez omen zuen parte hartu; gehienetan aitzakiaren bat jartzen zuela dio Rekartek). Minutu batzuk lehenago plazako Eskina tabernan zeudela eta konturatu zirenean bi anaiak hantxe zeudela, etxera joan, armak jaso eta tiro egin omen zuen Rojok. Bat hil zuten, besteak ihes egitea lortu.
Ez dakit bi anai horien arreba inolako komunikabidetan agertu ote den (agian ez du azaldu nahi), baina txapela kentzeko modukoa iruditzen zait andre horrek idatzi egin ziola, inolako gorrotorik gabe, familiaren berri emateko: ama, penaz hil omen zen; atentatutik onik atera zen anaia, handik gutxira hil zela Hiesaz kutsatuta. Arrebak, berriz, nahiko lan bere buruarekin. Bigarren mailako biktima gisa tratatu zituztela.
Rekarte aparteko kasu bat izango da, baina egia dena da hura kide "liberatu" moduan ETAk "fitxatu" zuenean jada parte hartu zuela Irungo atentatuan. Taberna batetik atera, etxera joan, armak hartu eta bere ohiko inguruan pertsona bat hiltzeko gai izan zela.
Galdera gordina egiten zuen kamera aurrean: gazte zoro batzuk ginen, gure ardura ukaezina da, baina gu bezalakoak beste pertsona batzuk hiltzera eta agian gu heriotzara bidaltzen gintuzten buruzagi eskarmentudunei buruz zer esan daiteke?
Eta bai, kartzelan errugabe mordoa dago eta Entzutegi Nazionala oraintxe bertan lan politikoa egiteagatik gazteak bidali nahi ditu presondegira. Ados. Baina Rekarteren ispiluan ez gara batere guapo agertzen.
[Artikulu hau Eibar.org-ko Harrikadak blogetik hartua da eta honakoa da helbide originala: http://eibar.org/blogak/iturri/rekarte-bakarra-munduan].