argia.eus
INPRIMATU
Reggae musika gizateriaren kultura ondare immaterial izendatu du Unescok
  • Reggae musika gizateriaren kultur ondare izendatu du Unescok ostegun honetan. Nazio Batuen Erakundearen kultura eta zientziarako agentziaren ondare immaterialen zerrendan izango da hemendik aurrera Jamaikan sorturiko musika estiloa.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko azaroaren 29a
Bob Marley reggae musikaren izen esanguratsuenetako bat (argazkia: Eddie Malin / CC-by).

“Guk sortu dugun musika da, munduko txoko guztietaraino iritsi dena”, adierazi du Olivia Grange Jamaikako Kultura ministroak erabakia publiko egin ondoren BBCk jaso dituen adierazpenetan.

1960ko hamarkadan hasi zen reggaea jamaikarren artean ezaguna egiten, Toots and the Maytals, Peter Tosh eta Bob Marley bezalako artisten lanei esker, eta geroztik, batez ere azkeneko artista horren eskutik, mundu osora iritsi da, beste jatorri eta estiloetako musikarien lana inspiratuz.

Unescok erabakiaren berri eman duenean, azpimarratu du injustizien aurka, erresistentzia, maitasuna eta gizatasuna zabaltzeko reggaeak izan duen garrantzia, aldi berean izan dena, NBEren agentziaren arabera, “arrazionala, espirituala, sozio-politikoa eta sentsuala”.

Eremu praktikora etorrita, kultur ondare ukiezin izendatzeak esan nahi du Nazio Batuen Erakundeko kideek bereziki babestu behar dituztela hala zerrendatuta dauden adierazpideak.

Aurretik hainbat herrialdetako folk musikak, dantzak eta komunikatzeko moduak zeuden zerrendan, tartean estaturik gabeko nazioetakoak, adibidez Korsikako “cantu in paghjella” kantaera polifonikoa.

Euskal Herriko zenbait kultur adierazpide ere proposatu izan dira izendapen horretarako, hala nola, bertsolaritza, Ipar Euskal Herriko inauteriak, Iruñeko Sanferminak eta Bilboko Aste Nagusia.