argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Redin Cruzat jauregia: zentro komunitario, soziala eta kulturala izateko bidean
  • Zentro "komunitarioa, soziala eta kulturala" izanen da Iruñeko Alde Zaharreko kale nagusian dagoen Redin Cruzat jauregia. Garai batean Redin y Cruzat familiarena izana,1983an erosi zuen Iruñeko Udalak; Joaquin Maya musika eskola izan zen gero, baina hutsik geratu zen 2009an, eta hutsik egon da harrez geroztik.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko abenduaren 13a
Iruñeko Alde Zaharreko Redin Cruzat Jauregia. (Arg.: Euskalerria Irratia) Iruñeko Alde Zaharreko Redin Cruzat Jauregia. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Kale Nagusiko 31. zenbakian dagoen eraikina herritarren esku utziko du Iruñeko Udalak heldu den ikasturtean. Proiektua eta kudeaketa zer nolakoak izanen diren definituko du lehenik eta behin eta, horretarako, Plazara! prozesu parte hartzailea abiatu du. Honen bitartez, prozesua martxan jarriko dute berriz, udala eta alde zaharreko hainbat auzokideren zein eragileren elkarlanari esker. Ez hori bakarrik: edozein herritarrek parte har dezake proiektua definitzen.

Heldu den ikasturteko irailean irekitzea da asmoa, eta ordura arte, hiru fase iragan beharko ditu proiektuak: lehenik eta behin, erabilerak definitzekoa.

Zer egin parte hartzeko?

Nola parte hartu? Postontziak jarriko dituzte ekarpenak egin ahal izateko; parte hartze dinamikak izanen dira, hala nola, bisita gidatuak eta harrendako dinamikak; plazara.net webgunea paratu dute martxan eta talde eragilean, elkarrizketetan zein lantegietan ere egon daitezke herritarrak. Horra lehenengo fasearen ezaugarritzea. Bertan egindako ekarpenak Iruñeko Udaleko Herritarren Parte Hartze eta Urbanismo Sailak batuko ditu, eta, ostean, espazioaren egokitzapen arkitektonikoa zein izan daitekeen definituko du, egitasmoaren sustatzaile herritarrekin batera.

Bigarren fasean, kudeaketa zer nolakoa izanen den eztabaidatuko dute. Eta, azkenik, heldu den ikasturtean zentro komunitarioa martxan jartzea da litekeena.

Lau printzipioren bueltan

Lau printzipioren bueltan egituratu dute Plazara! proiektua: "Funtzionalitatea, balioaniztasuna, irisgarritasuna eta iraunkortasuna".

Eraikinak 1.261,65 metro karratu dauzka eta elkarteetan dauden herritarrek zein ez daudenek erabiltzeko egokituko dute, baita tokiko ekonomia sareak aprobetxatu dezan ere. Behean Plazara!-k proiektua ezagutarazteko egindako bideoa.