argia.eus
INPRIMATU
Red Bull-en jauzietan egindako ekintzagatik, 6.600 euroko isuna hamaika gazteri
  • Makro-ekimenen aurka protesta egin zuen Auzoetatik Piztu Bilbo eragileak. Ertzaintzak desordena publikoa egotzi zien hamaika gazteri, eta mozal legea ezarri. Asteazkenean, elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 27a

Ekainaren 30ean Red Bull Cliff Diving txapelketa egin zen Bilbon. Jauzilari profesionalak Guggenheim museora begira jarritako plataformatik itsasadarrera salto egiten zebiltzala, parez pare, Pedro Arrupe pasabidean, protesta egin zuen Auzoetatik Piztu Bilbo eragileak. Red Bull jauziak bezalako makro-ekimenak eta horiek bultzatzen duten hiri eredu neoliberala salatzea zuen helburu ekintzak, “gutxi batzuen aberastasunak askoren miseriara dakarrela agerian utziz”.

Ertzaintza ekintza burutzen ari ziren tokira joan zen, eta bertan ziren hamaika gazte identifikatu zituen. Eragileak jakinarazi duenez, mozal legea ezarri zieten, eta desordena publikoa egotzi. Guztira, 6.600 euroko isunari aurre egin beharrean daude.

“Mozal legeari aurre egiteko tresna ezberdinak daudela badakigu eta oraingo honetan errekurtsoa egitea erabaki dugu”, adierazi dute. Hala bada, asteazkenean, isun horien “zilegitasuna epaituko” den egunean, elkarretaratzea egin dute Bilboko auzitegien aurrean.

“Auzoetatik Piztu Bilbotik, argi utzi nahi dugu, errepresioaren aurrean ez garela isilik geratuko eta miseriara kondenatzen gaituen PNV-ren hiri eredu ustel honen aurrean desobeditzeko deia luzatzen dizuegu”, adierazi du eragileak.

Ekintzaren bideoa: