argia.eus
INPRIMATU
#PanamaPapers
Realak ordainketak paradisu fiskalen bidez egin zituela agerian berriro
  • Realak paradisu fiskaletako elkarteak baliatu zituen atzerriko jokalariei ordainketak egin eta bai hauek, eta baita klubak ere ogasunari diru gutxiago ordaintzeko 2000 eta 2008 bitartean. Panama Papers ikerketan agertu da Reala, 2008an dagoeneko argitaratu zen informazioarekin.

ARGIA @argia 2016ko apirilaren 03a
Paradisu fiskalen bidez ordainketak egiten zitzaizkien jokalari batzuk.

Hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, dokumentuek erakusten dute klubak urtero milioika dolar ordaindu ziela atzerriko hainbat jokalariri, nahiz eta gero jokalari hauek soilik parte bat aitortu Ogasunari. Klubak zazpi jokalariri egin zizkien ordainketak 2000 eta 2008 urteen artean ondorengo lekuetan zeuden konpainia eta bankuen bitartez: Niue, Panama, Britainiako Virgin Uharteak, Herbehereak, Suitza eta Jersey Channel Uharteetan.

El Confidencial Digital-en arabera, ondorengo jokalariak ageri dira zerrendan: Darko Kovacevic, Nihat Kahveci, Sander Westerveld, Tayfun Korkut, Valeri Karpin, Gabriel Schürrer eta Mattias Asper.

Adibide bat ere nabarmendu dute ikerketa egin duten kazetariek: Darko Kovacevic aurrelari ezagunak 2006-2007 denboraldian hilean 2.000 euro aitortzen zizkion Gipuzkoako Aldundiari ExtraConfidencial gunearen arabera. Fonsecaren dokumentuek erakusten dute bitartean Kovacevicek 1.4 milioi dolar gordin kobratu zituela denboraldi hartan IMFC Licensing enpresaren bidez Herbehereetatik. Orain urte batzuk zabaldutako informazioetan Demetrazde eta V. Lopezen kasuak ageri ziren.

Realeko kudeatzaile Iñaki Otegik uko egin dio berarekin harremanetan jarri diren kazetarien galderak erantzuteari. Klubeko prentsa arduradunak kazetariari adierazi dio, "Otegik esan dit zuei deitzeko eta esateko atzerriko konpainiak kanpoko jokalariei ordaintzeko erabiltzea Espainiako klub guztietan praktika komuna izan da".

Noticias de Gipuzkoako kazetari Jurdan Arretxek nabarmendu duenez, gertaera hauek Jose Luis Astiazaranen agintaldian gertatu ziren, Espainiako Ligako presidente zela.

Panama Papers, nazioarteko kazetaritza ikerketa

Paradisu fiskalen inguruko 11 milioi dokumentuak eskuratu zituen lehendabizikoa Süddeutsche Zeitung egunkaria alemaniarra izan zen. Paper horiek Ikerketa Kazetaritzako Nazioarteko Kontsortzioari (ICIJ) helarazi zizkion, eta honek argitaratu ditu Mossack Fonseka abokatu bulegoaren barne dokumentuak. Bulego hau munduan offshore elkarte gehien sortu duen bost bulegoetako bat da. Dokumentuak argitaratzeak mahai gainean jarri ditu 1977tik 2015eko abendura bitarte Panaman egindako operazioak. Zerrendan agertzen dira munduko hamabi lehen ministro edo Estatu buru, 128 politikari, eta mundu mailako lider politikoen 61 familia kide edo sozio.

Espainiako Estatuko hainbat izen atera dira, hala nola Juan Carlos Borboikoa erregearen arreba Pilar, zinema zuzendari Pedro Almodovar eta Bartzelonako futbol jokalari Lionel Messi. Azken honek auzitara eramango ditu ElconfidencialDigital eta La Sexta hedabideak albistea argitaratzeagatik.