argia.eus
INPRIMATU
Realak ez du enplegu espedienterik zabalduko, eta jokalarien soldata %20 murriztuko du
  • Realeko Administrazio Kontseiluak jakinarazi du klubak ez duela ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienterik (gaztelaniaz ERTE) proposatuko, eta gizonezkoen lehen taldeko jokalarien soldata %20 murriztuko dela (%5 baldin eta Liga amaituko balitz). "Erabaki horrek gainerako langileentzako neurri traumatikoak saihesten eta erakundearen helburu ekonomikoak orekatzen laguntzen du".

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko apirilaren 14a
Realeko jokalariek etxean entrenatzen jarraitu beharko dute, Kirol Kontseilu Gorenaren aginduz / Real Sociedad

"Realak bere maitasuna eta babesa helarazi nahi die pandemiaren ondorioak zuzenean jasaten ari direnei", dio Jokin Aperribay presidenteak sinatutako gutunak. "Gure doluminak helarazi nahi dizkiegu aste hauetan maite izan duten pertsonaren bat galdu duten familiei. Era berean, aitortu nahi dugu oso lan bikaina egiten ari direla une honetan pandemiaren aurka lehen lerroan borrokatzen eta, aldi berean, bizitza errazagoa egiten gu guztioi. Klub hau eta gizarte osoa zorretan gaude haiekin".

Espainiako Liga eta Errege Kopako Finalaren etenaldi mugagabeak klubaren kirol eta ekonomia jarduerari eragiten diola dio Realak: "Osasun-agintariek dute oraintxe bertan pertsonen osasuna zaintzeko erantzukizun handia, eta hori da lehentasun handiena, ezin bestela izan. Beraz, lehia itzuliko da agintariek uzten dutenean eta uzten duten moduan, zaleen eta jokalarien osasuna baita gainerako guztiaren gainetik nagusitzen den balioa". Klubak azaldu du dena ondo badoa eta Covid-19a kontrolatua bada, denbora dago lehia amaitzeko, bai Liga, bai Kopa.

Bien bitartean, datozen hiru hilabeteetan gerta daitekeenari buruzko "azterketa eta hipotesi ugari" egin ondoren, dozena erdi puntutan laburbildu daitezkeen erabakiak hartu ditu Realak.

1. ERTE bat ez proposatzea. Hau da, indarrean dagoen denboraldian lan-neurri traumatiko oro saihestea.

2. Jokalarien soldatak murriztea. Gizonezkoen lehen plantilla profesionaleko jokalariekin akordioa lortu da soldata % 20 murrizteko, lehiaketa berriro hasten ez bada, eta % 5, berriz, lehia amaitzen bada.

3. Gure jarraitzaileen aldeko neurri ekonomikoak aplikatu. Realak denboraldi honetako abonuaren zenbatekoa gure bazkide guztiei %20 itzultzea erabaki du. (...) Urteko ordainketaren % 20 itzuliko zaie bazkideei. Hurrengo komunikazio batean, itzulketa hori nola egingo den azalduko da.

4. Zuhurtasun zorrotzezko irizpide batengatik, Reale Arenan zein Zubietan aurreikusita genituen obra guztiak geldiaraztea erabaki dugu.

5. Realaren egitura- eta kirol-lehiakortasunari eustea ahalbidetuko duten finantzaketa-iturri tradizional berriak bilatzeko erabakiak aztertzea eta hartzea.

Futbol taldeak aplikatzen ari diren erregulazio espedienteez informazio gehiago:

Enplegu espedienteak eliteko futbolean. Burbuila lehertu egin(go) al da? (2020-04-04)

Entrenamenduak, etxean

Reala egunotan albiste eta eztabaida-iturri izan da, halaber, klubaren asmoa zelako lehen taldeko jokalariek gaurtik (hilak 14) aurrera Zubietan banakako lanarekin jarraitzeko aukera izatea. Kirol Kontseilu Gorenak, baina, ez dio baimenik eman, eta jokalariek etxetik entrenatzen jarraituko dute, klubak jakinarazi duenez: "Kirol Kontseilu Gorenarekin izandako elkarrizketen ondoren, eta Realak une bakoitzean gizarteak eskatzen duena errespetatzeko eta horren arabera jokatzeko duen borondatearen arabera, gure jokalari profesionalen banakako lanarekin jarraitzea erabaki dugu orain arte egin den bezala. Beraz, euren lana etxean egiten jarraituko dute jokalariek".