argia.eus
INPRIMATU
Reala eta Osasuna salatu ditu Ligak, Zozuliaren aurkako kantengatik
  • Espainiako futbol ligako 18. eta 19. jardunaldietako partida banatan Osasuna eta Realeko zale batzuek "Eres un nazi, Zozulia eres un nazi" (Nazia zara, Zozulia nazia zara...) abestu zutela-eta, bi klubak salatu ditu Liga Profesionalak, Lehiaketa Batzordean eta Indarkeriaren Kontrako Batzordean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko urtarrilaren 09a
Realeko zaleak, artxiboko irudian / Realsociedad.eus

Liga Profesionalak astero bidaltzen du salaketa-idazkia aipatu batzordeetara, "indarkeria sustatzen duten edota iraingarriak diren" gertakariak biltzen dituena.

Idatziak jasotzen duenez, 18. jardunaldian, Osasuna eta Realaren arteko partidan, Sadar estadioan ziren 400 zale gorritxok "modu koralean eta koordinatuan" abestu zuten 10 segundoz: "Nazia zara, Zozulia nazia zara", erreferentzia eginez Albacete taldeko aurrelari ukrainarrari.

Gauza ia bera errepikatu zen 19. jardunaldian, Realak eta Vila-realek Reale Arena estadioan jokatutako partidan. Idatziaren arabera, etxeko 800 zale inguruk, atzealdeko harmailetan kokatuak zeudenak, "modu koral eta koordinatuan abestu zuten 10 segundoz: 'Nazia zara, Zozulia nazia zara'". Beste bi kanta jaso ditu Ligak idatzian. Batetik, partidaren 84. minutuan, atezain bisitaria baloia kolpatzera zihoan unean, 800 bat zalek "Atezain kabroia, putasemea, marikoia, espainiarra" oihukatu zuten; bestetik, 86. minutuan, jokoa geldituta zegoela, 800 bat zalek 8 segundoz abeste zuten: "Espaiarrak putasemeak", danbor baten hotsak lagunduta.

Indarkeriaren Kontrako Batzordeak, behin aktak aztertuta, isunak edo zigorrak ezar ditzake. Roman Zozulia jokalariaren kasuan, Albacetek Vallecasen (Madril) jokatu zuenean, harmailetatik egindako oihuengatik partida bertan behera geratu zen.