Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Realaren eta Paris Saint-Germainen artean 2024ko martxoaren 5ean jokatutako futbol partiduaren aurretik izandako istiluetan, Ertzaintzaren kargen ondorioz zauritutako emakume baten kasua ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Pertsona horrek salatu zuen futbol partiduaren aurretik 19:20 inguruan begian pilotakada jaso zuela, baina Donostiako instrukzio epaitegiak apenas diligentziarik egin gabe eta biktimari deklaraziorik hartu gabe artxibatu zuen salaketa. Orain, auzitegiaren aginduei jarraiki, epaitegi horrek diligentzia berriak ireki beharko ditu, oldarraldian parte hartu zuten poliziak eta bere arduradunak identifikatzeko.
Partidu horren aurretik izandako polizia-kargetan larri zauritutako beste pertsona baten kasua ezaguna da, Amaya Zabarte Realeko zalearena. Itxura guztien arabera foam jaurtigailu batek buruan jota eraman behar izan zuten ZIUra.
Batak zein besteak prozesu judizial antzekoa egin dute: instrukzio epaitegiak auzia itxi zuen, eta familiaren helegitearen ondorioz Lurralde Auzitegiak berriz irekitzeko agindu du. Gainera, bi kasuetan abokatuek eskatu dute Ertzaintza ez den beste polizia indar batek ikertzea gertaturikoa, eta egun horretako bideo-irudi guztietara sarbidea izatea.
Gertaera haietatik hamar hilabetetara, Eusko Jaurlaritzak ez du Ertzaintzaren inongo barne ikerketaren berririk eman. Areago, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak zalantzan jarri zuen Zabarte foam jaurtigailu batekin zauritu zenik, hori iradokitzen duten mediku parteak eta bideo-irudiak zabaldu diren arren. Bigarren zaurituaren inguruko aipamenik ere ez du egin Segurtasun Sailak.