argia.eus
INPRIMATU
Klubeko emakumeei mezu matxistak bidaltzeagatik, Amsterdamgo Ajaxek kirol zuzendaria kanporatu du
  • Marc Overmars Ajax taldeko kirol zuzendaria kargutik kendu bezperan, Rayo Vallecanoko emakumeen B taldeko prestatzaile fisikoak dimisioa eman du, Carlos Santiso nesken A taldeko entrenatzaileak bidalitako mezu matxisten harira.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko otsailaren 07a
Besteak beste Ajax, Arsenal eta Bartzelonan jokatu zuen Overmarsek. / Twitter

Klubeko hainbat kideri bidalitako "mezu desegokiak" direla-eta kendu dute Marc Overmars kargutik. Zuzendaritzak ez du ohar ofizialean zehaztasun handiagorik eman, baina izaera sexuala duten mezuez ari dela ematen da aditzera. Jokalari ohiak lotsaturik dagoela adierazi, errua onartu eta barkamena eskatu du.

Rayoko prestatzailearen dimisioa

Duela lau urte, Carlos Santiso futbol entrenatzaileak, esan zuen 15 urteko neska baten aurkako sexu erasoa eredu zela, taldekideen arteko batasuna nola sendo daitekeen ikusteko. Haren hitzek hautsak harrotu dituzte berriro, Rayo Vallecanok fitxatu berri duelako nesken taldea entrenatzeko.

Madrilgo klubaren kasuan, zuzendaritzak ez du entrenatzailea kargugabetzeko asmorik agertu, baina taldearen barruan bada mugimendurik. Asteburuan, esaterako, nesken B taldeko prestatzaile fisikoak, Jorge Blancok, dimisioa aurkeztu du, "balore eta printzipioengatik". "Erabaki pertsonala da", adierazi du, "balore eta printzipioengatik, ezin naiteke egon pertsona zehatz batzuk dauden instituzio berean. Beti defendatu ditut nire eta auzoaren baloreak. Horregatik, egoera aldatuz gero, gustora asko itzuliko naiz".

Futbolaren gerizpean

Kirolean, eta futbolean zehazki, hainbatetan ikusi dugu nola antzeko jokabideak "babestu" egiten diren, Javier Vizcaíno kazetariak gogorarazi duen moduan Noticias de Gipuzkoa egunkarian: Sánchez Pizjuán estadioan, José Ángel Prenda –Sanferminetako manadako liderra– txalokatzen zuten; Benito Villamarín estadioan, Rubén Castro futbolariak eraso egin ziola salatu zuen emakumeari "puta" deitzen zioten; eta hurbilago, Ipuruan, bideo sexual bat neskaren baimenik gabe zabaldu zuen Sergi Enrich jokalaria "heroi baten gisara" tratatu dute.