argia.eus
INPRIMATU
Raymond Lévesque hil da, Quebeceko kantari aparta
  • 92 urterekin hil da Raymond Lévesque Quebeceko kantari mitikoa, COVID-19aren atzaparretan. Poeta, narratzaile eta antzergile oparoa izan da, baina batik bat kantagile eta kantari bezala izan da txit estimatua bere sorterrian. Quebeceko kultura eta naziotasunaren defendatzaile aritu da bere artegintzan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko otsailaren 17a
Raymond Lévesque kantaria Montrealen hil da 92 urterekin.

Montrealen (Quebec) sortu zen 1928an eta Montrealen hil da 92 urterekin Raymond Lévesque, bidean utzi dituelarik bostehun kanta, bost antzerki, 50 umorezko pieza, zazpi poema liburu eta beste hainbat argitalpen. Guztien artean popularitate handiena kantek eman zioten hasieratik Lévesqueri, eta batik bat oraindik quebectar askok buruz dakiten Quand les hommes vivront d'amour (Jendeak maitasunez biziko direnean), diotenez 1956an Algerian frantsesek zeramaten gerrak piztu zizkion sentimenduek eraginda sortu zuena:

 

Quebectarren maiteen duten kantatzat aipatu izan den abesti bikain horren bertsioak egin dituzte pare bat dozena baino gehiago artistak eta Euskal Herrian zenbait euskaldunek ezagutu dugu Joseba Tapiak egindako Quebec diskotik, Koldo Izagirre eta Itxaro Bordaren itzulpenekin eta Pascal Gaigneren moldakuntzekin. Maitasuna helduko da darama titulutzat aipatu Quand les hommes vivront d'amour kantak, edozein gerratan gudari aritzea egokitu zaionak bezala har lezakena beretzat edonolako militantzian gogoz saiatu denak:

 

Gaztetan musika ikasketak eginda irratian eta Montrealeko kabaretetan kantari jardun ondoren, 1954tik 1959ra bitartean Parisen ibili zen; garai horretakoa da aipatu kanta. Berriro Quebecera itzulita, segitu zuen telebistako programak egiten eta kantak sortzen, gehienetan beste kantariek abestu zitzaten. 1980an entzumena galdurik, kantatzeari utzi zion baina literatura egiten jarraitu zuen urte luzez.

1960eko hamarkadan berotu zelarik Quebecen burujabetzaren aldeko mugimendu berria, Lévesquek sutsu hartu zuen parte bertan, independentzia aldarrikatuz. Garai hartan mugimendu armatu bat ere izan zen, Quebeceko Askapenerako Frontea (Front de Liberation du Quebec, FLQ) eta hain zuzen talde hartako kide presondegiratu baten istorioa kontatuz egin zuen "Bozo les culottes" abestia, euskaraz Tapiak "Bozo galtzaundi" eman zuena:

 

 

2005ean Kanadako Gobernadore Nagusiak (Commonweath komunitateko kide izanik, subirano nagusitzat aitortzen duten Ingalaterrako erreginaren ordezkaria denak) sari nagusia eman nahi izan zion, baina uko egin zion Lévesquek, beti Quebecen independentzia aldarrikatu duela erantzunda.

Bere sorterria burujabe ikusi gabe hil da Raymond Lévesque eta, ziur, zahar gehienak bezala gaztetako garai berreskuratu ezin haien oroiminez, "Paulin" kanta bikain honekin egin zuen bezala: