argia.eus
INPRIMATU
Raúl Castrok kargua utziko du 2018an
  • Kubako Asanblada Nazionalak Raúl Castro presidente hautatu du hurrengo bost urtetarako. Adierazi duenez, kargua legealdiaren amaieran utziko du, 86 urte dituela. “Etorkizunera begira” urratsak eman ditu Castrok eta 52 urteko Miguel Díaz-Canel hautatu du lehen presidenteorde.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 25a
Raúl Castrok bere azken legealdia hasiko du aurten (Argazkia: periodicocorreo.com.mx)

Presidentearen ustez, belaunaldi berriei txanda ematea ezinbestekoa da, eta badirudi Díaz-Canel izango dela haren ordezkoa. “Etenik gabe nazioaren iraupena eta egonkortasuna mantentzearen beharra” nabarmendu du Castrok inbestidura-ekitaldian. Orain arte bere bigarrena izan den José Machado Venturak bost presidenteordetako bat izaten jarraituko du, baina bigarren mailan arituko da oraingo honetan.

Legealdi berrirako helburua Kubako eredu sozialista berritzea da. Presidentearen arabera, lehen urratsa “ekonomia gaurkotzea” izango da, ondoren “gai sakonago eta konplexuagoetan” murgiltzeko. Beti ere, premia nagusia “gizarte sozialista egonkor eta oparoa bermatzea” dela azpimarratu du Castrok.

Barneko eta kanpoko oposizioari ere mezua helarazi die, bere horretan jarraituko dutela, aurrera pausoak emanez eta herriarentzat lan eginez.