argia.eus
INPRIMATU
Rap kantari ezkertiar bat hil dute Greziako naziek
  • Pavlos Fyssas, “Killah-P” ezizenez ezaguna zen rap abeslari greziarra hil zuten atzo neonaziek Pireoko Keratsini langile auzoan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko irailaren 18a
Killah-P rap abeslaria (argazkia: John D. Carnessiotis).

Libcom webguneak hilketa ikusi zuten lekukoen hitzak jaso ditu: “24:00 inguruan 15-20 faxistak osatutako talde bat, kamiseta beltzak, galtza militarrak eta botak jantzita Tsaldari kalean hedatu zen. Ordu horretan Killah-P bere neska-lagunarekin eta beste bikote batekin oinez zihoan eta faxistek ikusi zuten, oihukatu zioten ‘zeren bila zabiltza hemen, badakizu ez dagoela lekurik zuretzat auzo honetan’. Faxistek bi bikoteak harrapatu zituzten Tsaldari kalean behera Gr. Lampaki etorbidera bidean, non, beste kale batetik, 10 faxista gehiagoz osatutako talde bat azaldu zen eta inguratu zituen. Une horretan auto bat pasa zen norabide bakarreko kale batetik, gelditu, gidaria atera eta Killah-P labankatu zuen bihotzean eta sabelaldean”.

Testigantza jaso duen hedabide berean irakur daitekeenez, erasoaren momentuan Greziako polizia motorizatua bertan zegoen, baina faxista gehienek alde egin zuten arte ez zuen ezer egin. Lekukoen arabera, labankada jaso ondoren abeslaria hilzorian zegoela, hiltzailea nor zen seinalatu zuen eta horri esker atxilotu ahal izan dute. 55 urteko gizona da eta Urrezko Egunsentia alderdiko kidea da.

Informazio gehiago:

Ikusi Greziako eskuin mutur berriaz Beranduegi webTBan egindako bideoa.