argia.eus
INPRIMATU
Ramon Saizarbitoriak ‘Lili eta biok’ nobela aurkeztu du
  • Nobela mardul batekin itzuli da Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Lili eta biok eleberriak Faustino Iturbe psikologo ohi eta idazlearen eta Lili izeneko hamabost urteko neskaren istorioa kontatzen du.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko abenduaren 02a
Ramon Saizarbitoriak nobela mardula aurkeztu du Erein argitaletxearen eskutik.

Urte askoan nobedaderik plazaratu gabe egon ostean, duela hiru urte Martutene eleberriak (Erein, 2012) eman zuen zeresan franko argitaratu baino lehen ere. Alde horretatik, diskretuagoa izan da Lili eta biok argitaratu bitarteko tarte hau, nahiz eta ez dirudien asmo apalagoz egindako lana, bolumenari erreparatuz gero (576 orrialde ditu).

Martutenen bigarren planoan agertzen ziren zenbait gaik presentzia handiagoa izango dute Saizarbitoriaren obra berri honetan. Aurreko nobelan jada agertzen zen Otzeta herria eta Gerra Zibila dira ardatza Iturbe gizon helduaren eta Lili gaztearen elkarrizketetan. Konkretuki, Juan Aramendia izeneko falangista nafarraren sinaduraren berri emango dio gazteak Iturberi eta handik aurrera, nobelaren tramak abiadura bizia hartuko du, isilpeko istorio traumatikoak kanporatuz.

Donostia eta Otzeta, hiriaren eta herriaren arteko desberdintasunak; maitasun istorio ezinezkoen korapiloak; oraina eta iraganeko gerraren arrastoak... "Nobela delirante" gisa deskribatu dute argitaletxeko arduradunek. Pasarte bat irakurtzeko aukera eskaini dute webgunean.