argia.eus
INPRIMATU
Ramon Grosfogueli erantzuna: gure borondate politikoa ez da teoria postmoderno bat

Ander Jiménez Cava @JimmyMuelles 2020ko irailaren 07a

Ramon Grosfoguel Berkeleyko unibertsitateko irakasleak ARGIAko artikulu batean erantzuten dio Juan Carlos Monederori. Artikuluak plurinazionalitatearen kontzeptua jorratzen du, eta Podemosen hauteskunde porrota auzi nazionaletik azaltzen saiatzen da, estaturik gabeko nazioek beren subiranotasuna gauzatzeko duten eskubidea alde batera utzi duelako.

Monederori kolonizatzaileen harrokeria inperiala leporatuz hasten da artikulua. Alde batetik, EH Bildu eta BNG podemizatu egin direla esateagatik, eta bestetik, hauek beraien diskurtsoan txertatu duten plurinazionalitatearen kontzeptua martxan jartzen lehena Podemos izan zela baieztatzeagatik. Nolanahi ere, argi dago EH Bilduk bere diskurtsoa aldatu duela eta hainbat kontzeptu sartu dituela: aldebikotasun-harremana, kontzertu politiko batean jasotako botere fondoa, Estatuarekiko harreman-maila erabakitzeko eskubidea, baita nazio aitortza ere… marko konfederal baten barruan! Hori guztia jasota zegoen bere azken hauteskunde programan. Egia esan, ez dakit aldaketa hori Podemosen eraginagatik izan den; baina gauza bat argi dago: Euskadiko ezker ez-nazionalistaren botoak bereganatu nahi izan ditu EH Bilduk, horretarako ezker abertzalearen diskurtso tradizionala alde batera utziz (talde abertzale disidente ugariren existentziak baieztatzen duen bezala).

"Ez dakit aldaketa hori Podemosen eraginagatik izan den; baina gauza bat argi dago: Euskadiko ezker ez-nazionalistaren botoak bereganatu nahi izan ditu EH Bilduk"

Autoreak dio, halaber, ezker kolonial inperialaren ustez ohikoa dela sinestea bere politika inperialaren menpe dauden herriek ez dutela pentsamendu propioa sortzeko gaitasunik, eta horri "arrazakeria epistemikoa" deitzen dio. Ideia nagusia hau da: pentsamendu politikoak egile-eskubideak ditu. Kasu honetan, kultura homogeneoa eta historia komuna duen giza talde gisa ulertutako herri batenak. Egia da ideiak testuinguru jakin batean sortzen direla; baina baita forma politikoei eta antolaketa sozialari buruzko pentsamendua elkarbanatu egin behar dela ere, izan ere, saihetsezina da elkarbanatzea. Are gehiago: ezkerrarentzat betebeharra izan behar da beste esperientzia batzuetatik ikastea, beste borroka batzuetatik. Hori ez da jakintzaren-erauzketa. Aitzitik, arrazakeria epistemikoa bere berezitasun kulturalaren arabera ideiak giza talde bakar batenak direla aldarrikatzen duen doktrina da. Eta gainera, erabakitzeko eskubidea horretan soilik oinarritzen dela defendatzen duena. Orduan, non geratzen da herritarron borondate politikoa?

Bestalde, Grosfoguelek ez du ulertzen Euskal Herria nazio plurinazionala denik zentzu guztietan, ez bakarrik hemen hizkuntza bat baino gehiago eta sentsibilitate kultural bat baino gehiago daudelako, baizik eta bertako biztanleek lurralde ereduari buruz duten borondate politikoa argi eta garbi zatituta dagoelako. Estatuarekiko haustura edo erreforma izateaz haratago, oinarrizkoena hemen jendeak hitz egitea, iritzia ematea eta ulertzea da. Oso erraza da iritzia modu arinean ematea Berkeleyko unibertsitatetik, zu ez zarenean erabaki politikoen ondorioak bere gain hartu beharko dituena. Azken finean, Grosfoguelen analisiak, okerra izateaz gain, euskal ezkerren zatiketan baino ez du sakontzen EAJren mesedetan.

Ezin da ezkerrekoa izan Euskadin, Galizian eta Katalunian independentista izan gabe, hauxe da bere artikulutik atera daitekeen ideia nagusia. Ideia horrek agerian uzten du nazio horien errealitate politikoari buruzko erabateko ezjakintasuna, non, hain zuzen ere, arazo nazionala izan den historikoki langile-klasea ordezkatzen duten erakundeen arteko elkarlana eragotzi duena. Jende asko ari da sentsibilitate nazional desberdin hauen inguruan lanean, ez bakarrik bizitzako arlo guztietan erabakitzeko eskubidea ahalbidetuko duten bide eraginkorrak aurkitzeko, baita gure existentziaren baldintza materialak aldatuko dituen subjektu politiko eraldatzailea sortzeko ere.

"Grosfoguelek paternalismo koloniala leporatzen dio Monederori, baina zer dago euskal auziari buruz Monederori erantzutea baino paternalista eta kolonialistagorik?"

Grosfoguelek paternalismo koloniala leporatzen dio Monederori, baina zer dago euskal auziari buruz Monederori erantzutea baino paternalista eta kolonialistagorik? Edo zer da Podemosek Euskadin, Galizian eta Katalunian dituen ordezkariak Pablo Iglesiasen botere errekurtso soilak direla esatea baino paternalista eta kolonialistagorik? Zergatik ez ditu aztertu Podemoseko ordezkariek Estaturik gabeko nazio horietan egindako adierazpenak eta asmoak? Miren Gorrotxategik berak, Elkarrekin-Podemosen bozeramailea Eusko Legebiltzarrean, EITBko azken hauteskunde-eztabaidan québécois estiloan (Eskoziak egin zuen bezala) egin beharreko erreferendum bati buruz hitz egin zuen, gai nazionalarekiko immobilismoa hausteko eta, horrela, erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratikoa bermatzeko.

Grosfoguel jauna: paternalismo koloniala euskal herritarren zati batek pentsamendu politiko propiorik ez duela uste izatea da. Intelektualki desohoragarria da Monederoren mitin bateko esaldi bat interpretatzea euskal egoera politikoari buruzko artikulu bat idazteko. Horrela zure aurreiritzi propioak besterik ez dituzu berresten. Mundu mailako ospea duen teoriko batek euskal ezkertiarren ideien eta jarduera politikoaren inguruan ikertu, aztertu eta interesa azaldu beharko luke bere iritzia eman aurretik. Gaiaren mamira iristea euskal herritarren idiosinkrasia ulertzea da, norberaren ideologiak errealitatea desitxuratu gabe.

 

*Ander Jiménez politologoa da