Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) errektore berria hautatu duen egunean bertan, unibertsitateak jakin du Espainiako Hezkuntza Ministerioak baimena eman diola medikuntza ikasketak eskaintzeko.
Ramón Gonzalo Garcíak (Logroño, Espainia), NUPeko errektore berriak, botoen %61,27 lortu du; beste hautagai Maria Jose Beriain Apesteguiak, berriz, %38,73. 10.433 pertsona zeuden deituta hauteskundeetara: NUPekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak (391 kidetik 219k eman du botoa), gainerako irakasle eta ikerlariak (789tik 359k), administrazio eta zerbitzuetako langileak (489tik 292k) eta 8.764 ikasle. Azken horien artean, ohikoa den moduan, handia izan da abstentzioa, ia %90ekoa.
Errektore berria Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedraduna da, eta aurreko erektore Alfontso Karlosenaren zuzendaritzako kide izan da.
Medikuntza ikasketak datorren ikasturtetik aurrera
NUPen asmoa da medikuntza ikasketak datorren ikasturterako jartzea martxan, 60 ikaslerekin. Horretarako, behin Espainiako Gobernuaren baimena lortuta, Nafarroako Gobernuaren oniritzia ere jaso behar du unibertsitate publikoak, zeina oso litekeena den datorren asteko gobernu bilkuran bertan ematea.