argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako Rambletako atentatuko taldearen burua CNIaren isil-mandataria zen
ARGIA @argia 2019ko uztailaren 16a
Ramblako atentatuak Kataluniako bizitza politiko eta emozionala astindu zuen. Argazkia: El Nacional.cat

2017ko abuztuaren 17an furgoneta batek Bartzelonako Rambletako pasealekua abiadura handian gurutzatu zuen, hamahiru pertsona hil eta ehun baino gehiago zaurituz. Hurrengo egun eta asteetan poliziak jakinarazi zuenaren arabera, talde jihadista bat zegoen gertakarien atzean. Gazte batzuek osatzen zuten taldea, eta horien burua omen zen Ripoll herriko Abdelbaki es Satty imana. Mossos d'Esquadrako poliziek gazteetariko bi hil zituzten egun horietan, bat adingabea.

Público-k hainbat informazio argitaratu ditu gertakari haiekin lotuta. Horien arabera, Es Satty Espainiako zerbitzu sekretuen isil-mandataria zen. Egunkariak CNIko polizia batek Es Sattyrekin komunikatzeko ireki zuen posta kontuaren helbidea, pasahitza eta mezuak argitaratu ditu. Kontu horren azken jarduera atentatuak baino bi hilabete lehenagokoa da.

Egunkariak CNIaren dokumentu batzuk ere argitaratu ditu. Dokumentuek erakusten dute poliziak atentatuak prestatzen ari zen taldea gertutik zelatatzen zuela, gertakariak baino hilabete batzuk lehenagotik. Gazteen mugimenduak ezagutzen zituzten, tartean Alcanar (Taragona) herriko etxera egiten zituzten bidaiak. Hilabeteak eman zituzten bertan gazteak eta Es Sattyk lehergailuak egiten.

Público-k ziurtatzen du CNIk talde jihadista zelatatzen jarraitu zuela Rambletako atentatuaren egunera arte, eta atentatuaren hurrengo egunean ezabatu zela Es Sattyern fitxa CNIren iturrien erregistrotik. Bihartik aurrera hori frogatzen duten dokumentu berriak argitaratuko ditu egunkari digitalak.