argia.eus
INPRIMATU
Ramada presoak ospitaleratuta jarraitzen du eta Martuteneko espetxeak hirugarren gradua ematea eskatu du
  • Zainketa intentsiboetako unitatetik (ZIU) kanpo dago jada euskal preso politikoa, baina ospitalean. Eusko Jaurlaritzari dagokio espetxeak proposatutako hirugarren gradua berrestea edo ukatzea.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 24a

Martuteneko espetxeko tratamendu batzordeak Francisco José Ramada euskal preso politikoari hirugarren gradua ematea eskatu du. Beste horrenbeste egin zuen batzorde berberak 2021eko abenduan ere. Ramadaren abokatu Haizea Ziluagak Naiz-i adierazi dioenez, orain Eusko Jaurlaritzari dagokio hirugarren gradua berrestea. Egoeraren larritasuna dela eta, berrespena “berehalakoa” izatea espero duela adierazi du Ziluagak.

Ospitalera larri

Ostiralean Martuteneko espetxetik Donostiako ospitaleko ZIUra eraman zuten Irungo euskal preso politikoa, bihotz-biriken gelditze baten ostean. ZIUtik atera dute asteburuan, baina ingresatuta eta ondoezik jarraitzen du. 21 urte daramatza espetxean, eta 2020ko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Igandean, Ramadaren askatasuna exijitu zuten dozenaka herritarrek Irungo epaitegien aurrean.