argia.eus
INPRIMATU
Rakel Lopez Airas eta Markel semearen hiltzaileari “zigorrik gogorrena” ezarri diote
  • Eibarko udaletxean egindako prentsaurrekoan, Rakel Lopez Airas eta bere seme Markelen hilketengatik epaileak ezarri duen zigorraren berri eman dute Miguel de los Toyos alkateak, Marisa Soroa abokatuak eta hildakoen familiakoek.

Eta Kitto @etakitto 2019ko azaroaren 06a

Madrilen bizi zen 44 urteko eibartarraren eta 12 urte betetzear zituen semearen hilketak 2017ko maiatzaren 2an gertatu ziren Alcobendasen (Madril) eta handik egun batzuetara, maiatzaren 30ean, bikotekidea atxilotu zuen poliziak, hiltzailea bera zela familiako kide bati aitortu zion-eta. Hilketen berri izan eta berehala Eibarko Udalak hildakoaren familiari laguntza eta babesa eskaini zizkien eta, besteak beste, gorpuzkiak Eibarrera ekartzen eta familia Madrilen egin den epaiketan akusazio gisa egon ahal izateko laguntza eman die. Alkatearen berbetan, “epaiketan epaimahaiak hartu du parte eta horrelakoetan egotea ez da erraza izaten familia arrunt batentzat”.

Sententzia irmoa

Auzitegiaren sententziaren arabera, ama-semearen hiltzailea den Mounir Ayad-ek 25 urteko kartzela zigorra bete beharko du emakumearen hilketarengatik eta adin txikikoaren hilketarengatik, berriz, kartzela zigor iraunkor berrikusgarria (hau da, bizi osoko espetxealdi berrikusgarria) ezarri diote. Abokatuak esan duenez, “horrelakoetarako ezarri daitekeen zigorrik gogorrena da hori. Sententzia errekurritzeko aukera dauka orain eta hala egingo duela aurreikusi dezakegu, normala denez akusatuek beraien esku dauden baliabide guztiak erabiltzen dituztelako beti, baina hala ere sententzia irmoa dela esan daiteke”. Prentsaurrekoa amaitu aurretik Rakelen amak eta Markelen amamak, familiaren izenean, bere esker ona azaldu du “inguruan izan duten laguntza eta babesarengatik”.