Ciudadanosen babesa du PPko hautagaiak, baina ez dirudi nahikoa izango denik presidente izendatzeko. PSOEko Pedro Sánchezek ezezkoa eman dio beste behin.
Mariano Rajoy PPko buruzagiak Espainiako Gobernuko lehendakari izateko sostegua eskatu du Espainiako Kongresuan astearte honetan egin duen inbestidura hitzaldian. Gobernua premiazkoa dela azpimarratu du Rajoy.
Martxoan diputatu gehienek PSOEko Pedro Sánchezen aurka bozkatu ostean, ekaineko hauteskundeen osteko bilerek PPko Mariano Rajoy jarri dute hautagai gisa. Oraingoz, Ciudadanosen babesarekin 169 diputaturen babesa du Rajoyk, eta 170 lirateke Coalición Canariak bere alde bozkatuko balu. Ikusteke dago ostiralera bitartean 175era arte falta zaizkionak lortuko dituen.
Izan ere, lehen bozketan –asteazken arratsaldean izatea aurreikusten da– gehiengo osoa behar badu ere, bigarrengoan nahikoa luke gehiengo sinpleaz irabazita. Hasteko, bigarren indarrak (PSOE) ezezkoa emango diola berretsi zion astelehenean Sánchezek.
Agertoki horretan, hirugarren hauteskundeen mamua jiraka hasi da dagoeneko. Hura ekiditeko moduak badaude: PPri emandako ezezkoa baieztatzen bada, “PSOEren programan oinarritutako akordio batera iristeko prest” azaldu zen Unidos Podemosek buru Pablo Iglesias, duela aste batzuk eldiario.es atariari eskainitako elkarrizketa batean.
Antzeratsu mintzatu zen Iglesiasen bazkide Alberto Garzón: “PSOEk ez badu PPk gobernatzerik nahi, abiatu ditzala ezkerrekoekin babesarekin inbestidura lortzeko negozioazioak. Ez du balio oposizioan egon nahi duela esateak, horrek PPk gobernatuko duela esan nahi baitu”.
Astearte arratsaldean ekingo dio Rajoyk inbestidura saiakerari. Bera izango da lehen egunean hitz egingo duen bakarra, eta asteazken goizeko 9:00etatik aurrera arituko dira gainontzekoak, alderdi bakoitzaren diputatu kopuruaren arabera handitik txikira hitza hartuz. Ordu erdiko saioak egin ostean, arratsalderako aurreikusten da bozketa. Gehiengo osoa lortuko ez balu, 48 orduz itxaron beharko dute diputatuek berriz bozkatzeko.
PP eta Ciudadanosen akordioa
Hezkuntza lege berria, amnistia fiskalarengatik Estatuak jasotzeari utzi zion 2.800 milioi euroren itzulera eta Eguzkiaren zerga bertan-behera uztea dira Ciudadanosek PPri babesa ematearen truke sinatu duten akordioaren baldintzetako batzuk. Botere Judizialaren Kontseilua aldatuko dutela ere iragarri dute: hala, kontseilua osatzen duten 20 magistratuetatik 12 epaileek hautatuko lituzkete. Riveraren esanetan, horrek “independentzia judiziala bermatuko du”.
Ciudadanosek aldundiak deusezteko asmoa iragarri zuen hasiera batean, baina arlo horretan ez du PPrekin akordiorik itxi. Aldundien finantzaketa mehetuko dutela soilik iragarri dute, baina akordioaren aurkezpenean ez zuten xehetasun gehiagorik eman nahi izan.