argia.eus
INPRIMATU
Rajoyk Parlamentuari, Generalitateari eta Kataluniako udalei mehatxu egin die
  • Mariano Rajoyk Kataluniako Erreferendumaren Legearen aurkako helegitea jarri du eta Erreferendumaren Dekretua geldiarazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko irailaren 07a
Rajoyk erantzun du bitarteko guztiak erabiliko dituela erreferenduma geldiarazteko.

Ostegun eguerdian jakinarazi ditu neurriak Espainiako Gobernuko lehendakariak, Ministroen Kontseiluaren ondoren. Azpimarratu du “demokraziak tinkotasunez, lasaitasunez eta duintasunez” erantzungo diola Espainiako zuzenbide estatuak jasotako erasorik handienari: “Behar den guztia egingo dut, ezeri muzin egin barik”. Gutun baten bidez jakinarazi die Kataluniako Gobernuari eta 947 udalei erreferenduma legez kanpokoa dela eta ezin dute inolaz hau egiten lagundu.

Kataluniako Gobernuak udal guztietara bidalitako gutunari erantzun die modu horretan Espainiako Gobernuak. Generalitateak hauteskundeetarako ohiko baliabideak prestatzeko agindu zien udalei eta 48 ordu ematen zien horrela egingo zutela jakinarazteko edo bestelako eragozpenak adierazteko.

Konstituzio Auzitegia bilduta

Konstituzio Auzitegia ostegun arratsaldez bilduko da salbuespenez Espainiako Gobernuaren eskariak aztertzeko. Aztertu ondoren, besteak beste, helegitea tramitera onartuko du eta Espainiako legediaren arabera, Erreferendumaren Legea bertan behera geratuko da. Zalantzan da zigorrik ere bideratuko duen, 2015eko auzitegiaren erreformarekin horretarako ahalmena badu eta.

Une horretatik aurrera Kataluniako instituzioek muzin egingo diete Espainiako instituzioei, Erreferendumari dagokionez, Erreferendumaren Legearen babesa dutelako. Independentistek diote lehen legezko hutsunea zegoela horretarako, baina orain badutela legezko babesa, eta horrek dena aldatzen duela. Independentisten aburuz, indarra erabilita bakarrik geldiaraziko du erreferenduma, eta orduan soberanismoa, besteak beste, kalera aterako da.

Deskonexio Legea

Gaur goizean onartu du tramitera Kataluniko Legebiltzarreko Mahaiak Deskonexio Legea deitutakoa eta ostegun honetan onartuko da Junts Pel Sí eta CUPeko diputatuen bidez, asteazkeneko prozedura azkarra erabiliz.

Lege hau, berez, Kataluniako Errepublikaren sorrera legea da eta bere zeregin nagusia da egungo lege egoeratik Errepublika berrira iragatean ez dadila legezko hutsunerik egon. Gaur onartu arren, ez da indarrean sartuko independentzia aldarrikatu arte, eta horretarako baiezkoak erreferenduma irabazi beharko du parte hartze handi batekin, baina hori guztia zehaztu gabe dago oraindik.