argia.eus
INPRIMATU
Rajoyk Garoña ixtea proposatu dio EAJri aurrekontuak babestearen truke, ‘Cinco Días’-en arabera
  • Cinco Días egunkariak zabaldu duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidentea EAJrekin negoziatzen ari da, Garoñako zentral nuklearra ixteko, Estatuko Aurrekontu Orokorren babesaren truke. Aurrekontuen proiektua aurrera eraman ahal izateko beste alderdien laguntza behar dute popularrek. Informazioaren jatorri gisa, zehaztu gabeko iturri politikoak aipatu dituzte.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 21
Garoñako zentral nuklearra (Arg.: Dani Blanco)

Otsailaren 8an Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) oniritzia eman zion Garoñako zentrala berriro irekitzeko eskariari. Behin betiko erabakia Energia Ministerioak hartu behar du, sei hilabeteko epean. Edonola ere, azken hitza Mariano Rajoyrena da.

Popularrek EAJren eta kanariar nazionalisten sostengua behar dute legegintzaldia PSOEren laguntzarik gabe amaitzeko. Jeltzaleen babesa lortuz gero aurrekontuak salbatuko lituzkete, EAJrekin (bost eserleku), Ciudadanosekin (32), eta Coalición Canaria eta Nova Canariarekin (eserleku bana). Aste honetan bildu dira lehen aldiz Aitor Esteban EAJko bozeramailea eta Cristóbal Montoro Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa, aurrekontuei buruz hitz egiteko.