Bakar-bakarrik Generalitateko estruktura eta kontseilaritza bakoitzeko izendapena eta konpetentziak zehazten dira Kataluniako Generalitateko Aldizkari Ofizialean (DOGC).
Oraindik Rajoyren kontrolpean dagoen DOGC-ak Kataluniako Gobernuko Administrazioko departamentuen konpetentzien alorreko sorrera, izendapen eta determinazio dekretua argitaratu du astelehenean, baina ez kontseilarien izendapena. Espainiako Gobernuak ontzat eman du dekretua.
Dekretuan zehazten da hamahiru kontseilari eta presidenteordetza egongo dela, eta horietatik bik izen aldaketa izango dute: Kanpo Ekintza, Instituzio Harremanak eta Gardentasun Departamentuak (hemendik aurrera Kanpo Aferak, Instituzio Harremanak eta Gardentasuna) eta Politika Digitalen eta Administrazio Publikoaren Departamentuak (orain Gobernaketa, Administrazio Publikoak eta Etxebizitza).
Kataluniako Gobernuak Espainiakoari idatzitako eskutitz batean aipamen zuzena egiten zitzaien Jordi Turull, Josep Rull, Antoni Comín eta Lluís Puigen izendapenei. Espainiako Gobernuak eskutitz horri erantzunez esan du ez duela baimenik eman kontseilarien izendapenak argitaratzeko, horrek “bideragarritasun arazoak” ekarri ditzakeelako. Madrileko gutunak gogorarazi du Gobernua osatzeko akordioak “Espainiako Gobernuaren baimena behar duela”, hori gabe izendapenek ez luketelako balio eta efekturik izango.
Igande arratsaldean Kataluniako presidente Quim Torrak esan zuen argi zeukala Espainiak “ez duela legea hautsiko”, eta astelehenean DOGCen argitaratuko zela ez bakarrik Kataluniako Gobernuaren sorrera eta estruktura dekretua, baizik eta hori guztia kontseilarien izendapenekin batera. Bestalde, Villafranca del Penedès-en egindako agerraldian, Torrak esan du ostiralean, hain justu kontseilarien izendapena aurreikusita dagoen egunean, “155a behin-betiko baliogabetuko dela”.
Astelehen goizean Quim Torrak bisita egin die Estremeran preso dauden Jordi Turull eta Josep Rullei, eta jakinarazi du biek ala biek kontseilari izateko borondatea adierazi diotela. Eguerdian Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko lehendakari ohiarekin eta Dolors Bassa kontseilari ohia bisitatzekoa zen Halcalá-Meco espetxean. Arratsaldean, Jordi Sánchez eta Jordi Cuixart bisitatuko ditu Soto del Realeko espetxean.
Bestalde, hasiera batean esan zutenaren kontrara —Katalunian Gobernua osatzean 155. artikulua baliogabetuko zutela esan baitzuten—, Espainiako Gobernuak oraindik indarrean mantentzen du 155. artikulua. Honek Espainiako Gobernuaren 2018ko aurrekontuen onarpena kolokan jartzen du, EAJk esan baitzuen ez zituela onartuko aipatu artikulua bertan behera utzi arte.