argia.eus
INPRIMATU
Rajoy-Urkullu bilera azkartu nahi du PPk Bilboko manifestazioaren ondoren
  • Manifestazioek ez dute espetxe politikarik aldatzen Jorge Fernandez Díaz Espainiako Barne ministroaren esanetan, baina PPn mugimenduak ekartzen dituzte. Asteazkenean Arantza Quiroga EAEko popularren burua eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea bildu dira eta erabaki dute Rajoyk Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako buruarekin egin beharreko bilera aurreratzea.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko urtarrilaren 16a
Rajoy eta Quiroga asteazkenean bildu dira. Argazkian, 2013ko ekaineko ekitaldi batean (irudia: Samuel Sanchez)

Carlos E. Cué kazetariak El Paísen argitaratu duenez, Quirogak eta Rajoyk EAJrekin harremanak haustea baztertu dute, PPko sektore batzuk konponbidearen aldeko manifestazioaz geroztik eskatzen duten bezala. EAJ eta Sortu elkarrekin manifestazio deialdi bat egiten ikusteak Moncloan ezinegona sortu bazuen ere, Madrilek uneon ez du irudikatzen abertzaleek elkar hartuko luketen eszenariorik.

PPk ETAren amaiera bideratzeari buruzko eztabaidan “presentzia handiagoa” eduki beharko lukeela uste dute Rajoyk eta Quirogak, El Paísen arabera. Baina horretarako oztopo dira alderdi barruan Euskal Herriko aro politiko berriari buruz dauden ikuspuntu kontrajarriak.

EAEko PPko kideek garaipen gisa bizi dute talde armatuaren amaiera. Aldiz, Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak 197/2006 doktrina (“Parot doktrina” gisa ezaguna) baliogabetu zuen sententziaren ondoren, ETAren zenbait biktimaren eta PPko sektore eskuindarrenen artean porrot sentsazioa nagusitu da.

Oraindik ez dago data zehatzik Espainiako eta EAEko presidenteen arteko bilerarako. Joan den urteko uztailaren 15ean bildu ziren azken aldiz, baina harreman telefonikoa eta idatzizkoa eduki dute.