argia.eus
INPRIMATU
Rajoy eta Bárcenasen arteko SMS bidezko harremana
  • Espainiako presidenteak eta Luis Bárcenas Alderdi Popularreko diruzain ohiak 2011ko maiatzetik 2013ko martxora arte harreman estua izan dute, 'El Mundo' egunkariak igandean argitara ateratako informazioaren arabera.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 15a
Luis Bárcenasen eta Mariano Rajoyren artean SMS mezuak egon direla argitaratu du \'El Mundo\' egunkariak.

SMS mezuen 10 argazki argitaratu ditu Espainiako komunikabideak. Rajoyren, Bárcenasen eta haren emazte Rosa Iglesiasen artean egondako harremana erakusten dute.

Espainiako presidenteak alderdian egondako B kontabilitatea eta soldataz gaindiko ordainketak ukatzeko eskatzen dio, eta horrelako mezuak irakur daitezke: “Luis, ezer ez da erraza, baina ahal duguna egiten ari gara. Animo”, edo “Rosa, eskerrik asko, zoragarria zara. Ni beti egongo naiz ondoan, azken batean bizitza bizirautea da eta norbaitek laguntzea, ez dute zertan asko izan. Muxu bat eta eskerrik asko berriz ere”.

Orain arte PPk zioen Gabonetan moztu zuela diruzain ohiarekin harremana guztiz. Igandean argitaratutako mezuek ordea, Rajoy agerian uzten dute. Moncloak ez ditu mezuak ukatu, baina oraingoan azpimarratu dute ez zituela Mariano Rajoyk hasten mezuak, Luis Bárcenasek baizik.

Baina duela gutxira arte isilik mantendu bada (baita Suitzan 16 milioi zituela jakin zenean ere), zergatik hitz egin du orain? 'El Mundo'ren iritziz, “intentzio berezia jarri du Bárcenasek mezuen hedatzean, ostegunean bere alderdikide ohi Alfonso Alonsok gezurra bere bizimodu bilakatu duen gaizkile bezala definitu zuenetik”. Bitartean, Espainiako gobernuaren bertsio ofiziala, gaur, xantaiarena da, eta Rajoyk mutu jarraitzen du.