Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.
Datorren otsailaren 12an deitu dituzte epailearen aurrera Raimundo el Canastero musika taldeko bost kide, 2024ko Lizarrako festetan txosnagunea lekuz aldatu nahi zuela-eta udalak, instituzioaren jarrera salatzeko kaleratu zuten Beef D'Alda abestiaren harira. Umorez, ironiaz eta kritikaz betetako kantua zen, Marta Ruiz de Alda alkateari (UPN) zuzendutakoa, baina udal gobernuaren esanetan, alkatearen aurkako heriotza-mehatxuak egin zituzten eta gorroto-delituak leporatzen zizkieten, eta salaketa ipini zuten. Epaiketaren atarian, larunbat honetan, "adierazpen askatasunaren aldeko eguna" antolatu dute Lizarran, elkartasuna adierazteko.
Bezperan, Euskal Herriko 237 musikarik haien elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete argitaratu berri den dokumentu baten bidez. Testua sinatu dutenen esanetan, "musika erreminta indartsua da kritika sozial eta politikorako", eta uste dute musikariek badituztela "ardura eta betebeharra" horretarako.
Raimundo el Canasterorena ez da azken boladako kasu bakana, eta beste horiei aipamena ere egin diete kaleratutako oharrean: besteak beste, Yakovlev 42 taldekoak deklaratzera deitu zituzten iazko maiatzean beren letrengatik, Guardia Zibilaren ekinbidez, eta Black Marfil rapero iruindarrari kartzela-zigorra ezarri zioten duela bi urte. "Ohiko bihurtzen ari dira horrelako jokabideak musikarien kontra", adierazi dute, eta zera aldarrikatu: "Kasu horiek guztiak adierazpen askatasunaren kontrako erasoak dira, eta zilegi da musikaren bidez instituzioak eta boterea kritikatzea".
Sinatzaileen zerrenda