argia.eus
INPRIMATU
Rafahko ur erreserbak suntsitu ditu Israelek
  • Ur hornidura % 94 murriztu dute sionistek Gazan urritik hona. Biztanleriari ura ukatzea gerra krimena da nazioarteko legearen arabera. Milioitik gora palestinarrei ematen zien zerbitzua Rafahko biltegiak. 

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 30a

Soldadu israeldarrek lotsarik gabe erakusten dituzte palestinarren aurka egindako krimenak, eta agerikoa da eragindako minaz daukaten kontzientzia falta. Azken adibide gisa, soldadu sionistek beraiek igo dute sare sozialetaran nola leherrarazi duten Gaza hegoaldeko Rafah hiriko ur erreserben sistema osoa. Israeldarrek argitaratutako bideoan ikus daiteke armadaren unitate bat lehergaiak jartzen ur biltegietan, eta nola eztanda egiten duen erreserbaren eraikin multzoak.

Gerra krimena da soldaduek euren borondatez argitaratu dutena. Heidi Matthews Nazioarteko Lege Kriminalean irakasle eta adituak adierazi du uren tratamendurako planta bat suntsitzea gerra krimena dela bere horretan. Eta gainera, Israelek “argi dakienez” horrek polioa zabaltzea eragingo duela Gazan, “asmo genozidaren froga” da Rafahn gertatutakoa, Matthewsen arabera.

Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako ikerketek erakutsi dute Gazako ur hornidura %94 murriztu duela Israelek, bonbardaketak eta laguntza sartzeko debekuak medio. Argitaratu berri duten Uraren Gerra Krimenak izeneko txostenean ondorioztatu dute gerrarako arma gisa erabiltzen ari direla ur eskasia, eta “osasun hondamendi hilgarria” sortu duela Israelek urarekin.

Oxfamen arabera, batez beste, ur hornidura eta garbiketarekin lotutako bost gune suntsitu ditu Israelek hiru egunean behin. “Sistematikoki” egin diote eraso ur hornidurari, “nazioarteko legea eta palestinarren bizitzarekiko axolagabekeria” erakutsita. Txostenean ere nabarmendu dute Gazako biztanleriaren osasunean duen eragina, biztanleen “laurdena baino gehiago larri gaixotu” baita erraz saihestu zitezkeen gaixotasunekin. Ur zikinen tratamendurako planten %100 suntsitu dute sionistek, Oxfamek dioenez.

Ur sistema suntsitzeaz gain, kanpotik sartu nahi izan den laguntza ere oztopatu du Israelek. Oxfameko ordezkari batek BBC hedabidean salatu duenez, sistematikoki blokeatu dizkiete sartu nahi izan dituzten komunak eta garbiketarako gaiak, janaria eta bestelako hornikuntzez gain. “Saneamendua ez da existitzen Gazan oraintxe bertan”.