Gutxienez 2.750 palestinar hil dituzte Israelen bonbardaketek, eta 10.000 zauritu. Hondakinen azpian desagertuta daude gutxienez 1.000 palestinar. Gazatik Egiptora igarotzeko pasabide bat irekiko dutela iragarri du Anthony Blinken AEBetako idazkariak, baina soilik laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerriko pasaportea duten herritarrak ateratzeko. Ireki denik ukatu dute Hamasek zein Israelek.
Gazako ospitaleak ziurrenik argindarra izateko erregairik gabe geldituko dira “ordu batzuen buruan”, Nazio Batuen Erakundeek ohartarazi dutenez. Israelgo armadak astebete darama Gaza bonbardatzen, eta palestinarren aurkako genozidioa salatu dute Hamasek nahiz Palestinako Aginte Nazionalak: gutxienez 2.750 pertsona hil eta 10.000 zauritu dituzte, eta suntsitutako eraikinen azpian desagertuta daude beste 1.000, Al Jazeerak jaso duenez. NBEk dio “inoiz ez bezalako giza hondamendia” dela Gazakoa.
Erabat setiatu du Gaza Israelek, eta bertan bizi diren ia bi milioi palestinar ur, elikagai zein argindar hornidurarik gabe daude. Gazatik Egiptora igarotzeko pasabide den Rafahko igarobidea ere itxita dago, baina AEBko Israelgo enbaxadaren arabera pasabidea irekiko lukete astelehen goizean. Egiptoko aldean zain daude kamioiak eta anbulantziak laguntza humanitarioa sartzeko, eta Gazako aldean ehunka pertsona daude muga irekitzeko zain, Al Jazeerak kontatu duenez. Pasabidea soilik irekiko litzateke atzerriko pasaportea duten pertsonak ateratzeko, palestinarrak direnek ezingo lukete irten.
Halere, Hamasek eta Israelek ezeztatu egin dute Rafahko pasabiderik ireki denik, eta su-etenik dagoenik ere. Izan ere, Reuters berri agentziak eta Israelgo hedabideek zabaldu dute AEBek, Egiptok eta Israelek akordioa egin dutela laguntza humanitarioa sartu ahal izateko su-etena egitea, baina halakorik ukatu dute bi aldeetako agintariek. Israelgo ministro ugari Rafahko pasabidea irekitzearen aurka agertu dira, esanez haien babesa eta laguntza hildako eta bahitutako israeldarren familientzat dela, eta ez “Hamaseko hiltzaileentzat eta haiek lagundu dituztenentzat”.
Hamasek bahituta dituen israeldarrak 199 dira, Israelgo Armadaren azken eguneraketaren arabera. Hamasek pertsona horiek erabili nahi ditu, besteak beste, preso palestinarrekin trukatzeko. Horren aurrean, Israelen erantzuna izan da esatea Gaza bonbardatzen jarraituko dutela “bahituak askatu arte”.
Aireko erasoaz gain, Israelek iragarri du lurreko ofentsiba ere hastekotan direla, eta “hurrengo faserako” prest daudela. Ostiralean Israelek Gaza iparraldeko biztanle guztiei –milioi bat palestinar inguru– bertatik alde egiteko mehatxu egin zien, egun bateko epea emanez. NBEk ohartarazi zuten “ezinezkoa” dela halako lekualdatzerik egitea, eta “nazioarteko zuzenbidea” betetzeko eskatu zion Israeli, nahiz eta berretsi duten Hamasen aurrean “defendatzeko eskubidea” dutela. Hamaseko ordezkariek ere Gazako herritarrei esan zieten euren etxeetan geratzeko, eta Israelen mehatxuari erantzun zioten esanez palestinarrek ez dutela euren lurraldea “inoiz utziko”.