argia.eus
INPRIMATU
Rafael Lopez de Ocaña: “Damu naiz Santi Brouard hil izanaz”
  • 1984ko azaroaren 20an hil zuen Rafael Lopez de Ocaña GALeko kideak Santi Brouard Herri Batasuneko parlamentaria. El diario hedabideak elkarrizketatu egin du eta, besteak beste, egindakoaz damutzen dela baina barkamenik ez duela eskatuko esan du: “Barkamena eskatzea errespetu falta bat litzateke. Nik neuk ez nuke barkatuko eta ulertzen dut niri ere ez barkatzea. Norbait hiltzen duzunean ez dago balio ahal duen barkamenik”.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 20a

“Inork ez du eskubiderik inori bizia kentzeko, eta egitera ausartzen denak ordaindu egin behar du”. Argi mintzo da Lopez de Ocaña orain dela 33 urte egindakoaz. “Inoiz egin eta gertatu zaidan gauzarik okerrena da eta gainean daramat hil nuen pertsonaren heriotza”. Behin eta berriro galdetu dioten arren, inoiz ez du jakin zergatik hil zuten Brouard. “GALeko buruek jakingo dute zergatik hautatu zuten bera. Niri gazteak ETAn sartzeko konbentzitzen zituela baino ez zidaten esan”.

Elkarrizketan azaldu duenez, egoera pertsonal zail baten ondorioz sartu zen GALen. Testuinguru historikoa kontuan hartuz gero, ETAk amorrazio handia sortzen ziola nabarmendu du. “GALek ekintzaren bat egiten zuenean, jendeak txalotu egiten zuen eta pentsatu nuen egokiena beraiekin bat egitea zela”. Gainera, “garrantzitsua” sentiarazteko balio izan ziola dio. Anaiak bultzatuta sartu zen taldera, baina argi utzi nahi izan du aginte kate baten azken elementu zela. “Nire anaia kartzelan zegoela Morcillo izeneko gizon iruzurgile bat ezagutu zuen. Hura Rafael Masa Guardia Zibilen komandantearen lagun mina zen, eta azken honek harreman estua zuen Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun buruarekin”. Ondo eraikitako egitura bat zela dio. Bi epaiketa izan ziren bere aurka eta bietan inoren izenik ez aipatzea erabaki zuen. “Ez nuen inor traizionatu nahi; aske utzi nituen guztiak”.

Hemen irakurri daiteke elkarrizketa osoa.