argia.eus
INPRIMATU
Rafa Diezi ongi etorri jendetsua egin diote Lasarte-Orian
  • Jendetza bildu da Lasarte-Oriako Okendo plazan Rafa Diez preso politiko ohiari harrera egiteko. Ostegunean goizean goiz aske utzi dute El Duesoko kartzelatik (Santoña, Espainiako Estatua) eta Muskizen lehen ekitaldia egin ostean 19:30ean iritsi da jaioterrira.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 18a

Ikurrinak, Presoen aldeko eta LABen banderak dituzten ehunka herritarrek pasabide egin diote Diezi iritsi denean. Bere argazkiarekin egindako eszenatokira igo dira Diez eta bere gertuko senideak. Alaia Martin bertsolariak parte hartu du eta ondoren herriko hainbat dantzarik ohorezko agurra dantzatu diote preso ohiari.

Diezek Muskizen egindako hitzartzearen ildo bera jarraitu du: euskal preso politikoak agurtu eta maitasuna bidali die haiei eta senideei. Imanol Vicente kidea eta hil berri den Kepa del Hoyori egin die aipamen berezia. Presoen auzia Espainiako Estatuak blokeatuta duela salatu du eta horri aurre egiteko prozesu soberanistan urratsak eman behar direla aldarrikatu.

Autonomismotik burujabetzara egin beharreko bidean “anbizio falta” sumatu arren “herri honetan indarra soberan” dagoela azpimarratu nahi izan du, bai Muskizen eta baita Lasarten ere.

Ekitaldiaren ostean Xirimiri elkartera joan dira bertan gerturatutakoak eta presoaren argazkia kendu dute. Diezen senideek hartu dute hitza eta beraiei emandako babes guztia eskertu dute, eta gainontzeko presoen senideak babestu eta zaintzeko deia egin dute.