argia.eus
INPRIMATU
Rafa Diez: “Ez dago eliteen Maltzagarik, sindikalgintzan edo arlo sozialean bilatu behar dugu”
  • Muskizera iritsi eta harrera ekitaldi xumea antolatu du LABek. Diezen lehen hitzak euskal preso politikoei eta beren senideei eskaini dizkie, eta baita kartzelakide Imanol Vicenteri ere. Espainiako Estatuak presoen auzia “bahitu duela” salatu du, bake eta burujabetza prozesua blokeatzeko. Zentzu horretan uztailean kartzelan hil zen Kepa Del Hoyo presoa izan du gogoan.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 17a

Ezker Abertzaleak azken 42 urteetan egindako ekarpenaz harro dagoela adierazi du, eta 2009an egindako estrategia aldaketan sakondu beharra dagoela, “kultura politiko berri bat sortzeko”.

Kritikoa izan da, hala ere, eta Lizarra eta Loiolako prozesuak aipatu ostean, noraeza nagusitu dela uste du Diezek. “Eliteen Maltzagarik ez da posible. Maltzaga posible da sindikalgintza eredu berri batean, Gure Esku Dago ekimenean, presoen alde edo Karta Sozialean”. Herri estrategia baten eta anbizio gehiagoren beharra azpimarratu du amaitu aurretik.

Presoen aldeko oihuekin bukatu du bere hitzartzea. Ostean Internazionala eta Eusko Gudariak abestu dituzte eta arratsaldean 19:30ean Lasarte-Orian egingo den ekitaldira joateko gonbita luzatu dute.

LABek bere webgunean jarritako beheko bideo honetan ikus liteke Rafa Diezen partehartze osoa.