Radio Vitoriako langileek igorritako mezu batean salatu zuten EiTBk 10 langile kaleratzeko asmoa zuela. Asteazkenean, konpainiak komunikatu bat igorri du datu horiek okerrak direla esanez. PPk, PSEk eta Bilduk Maite Iturbe EiTBko zuzendariari parlamentuan agertzeko eskatu diote, egoera argitzeko.
Araban 80 urtez daraman irratian langileen %25 kaleratzea suposatuko lukeen albiste horrek kritika gogorrak jaso ditu sare sozialetan ere. EiTBk, kritika horiei erantzunez, hartu duen erabakiaren xehetasunak azaldu ditu: aldi baterako sei langileren kontratua ez duela berrituko, baina ez dituela 10 langile kaleratuko.
“Igorritako informazio okerrak komunikabide honen irudia kaltetu dezake”, esan du EiTBk bere komunikatuan. Bestalde, Euskadi Irratian langileen %15a kaleratuko zutela zioen zurrumurrua ere gezurra dela esan du. Hedabide publikoko irratien zuzendari Odile Kruzeta Radio Vitoriako langileekin bildu da asteazkenean egoera argitzeko.
Parlamentuan, EiTBren komunikatua agertu aurretik, kritika gogorrak entzun dira oposizioko alderdien partetik. PPk “guztiz arbuiatu” du Radio Vitoriako murrizketa. Bilduk kaleratze horiek “irratiaren desagertzea” ekar lezaketela salatu du. PSEk, bestalde, Maite Iturberen berehalako agerraldia eskatu du, egoeraren aurrean azalpenak eman ditzan.