argia.eus
INPRIMATU
Quosque tandem... Aitor
  • Aitor Montesek berriki iritzi-artikulu bat atera du, eta berriro ere, agintarien aurkako salaketa medio, langile baten kontra egin du, baita, zehar bidez, langile horrekin diharduten hainbat lankideren kontra ere. Ez da lehenengoa, behin baino gehiagotan ikusi baitugu Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari buruz (OEE) berba gogorrak jaulkitzen, mundu guztiaren aurrean.

Roberto Manjón Lozoya 2020ko otsailaren 05

Ildo beretik, inoiz imitatzailerik ere izan du, eta, horrela, ez da falta izan Osakidetzako hizkuntza-normalizazioko teknikariak biziki larrutu dituenik, batek daki zergatik. Misterioak. Badirudi, tiratzaileek nori tiratu ez dakitenean, begi aurretik igarotzen denari tiratzen diotela. Eta, maiz, oraingoan bezala, tiroak oso larriak dira.

Tamalez, Aitorri, bezala, sarritan ahaztu egiten zaigu modu hain iraingarrian darabiltzagunak, kaltetuak, pertsonak direla, pertsona duinak, errespetuz tratatuak izatea merezi dutenak, oroz gain, gure amorruaren biktima diren pertsona horien aurka ezer ez dugunean, gure golkotik ateratako uste ustelak eta eldarnioak ez besterik.

Quosque tandem, Aitor, abutere patientia nostra?
Tamalez, Aitorri, bezala, sarritan ahaztu egiten zaigu modu hain iraingarrian darabiltzagunak, kaltetuak, pertsonak direla, pertsona duinak, errespetuz tratatuak izatea merezi dutenak

Aitor Montes zuzen dabil dioenean Osakidetzako Euskara Zerbitzua une kritiko batean geratu dela bururik gabe, hain zuzen ere, II. Euskara Planaren amaieran, azken buruko ebaluazio orokorra egin behar denean gero III. Euskara Plana diseinatzen hasteko. Horiek horrela, pertsona zentzundun orok pentsatuko luke joandako buruaren etena ez dela amildegi bihurtu behar, ahalik gehien egin behar dela une kritiko honetan jarraipena ziurtatzeko, hutsunerik ez izateko.

Eta nola bermatzen da jarraipen hori, euskararen normalizazioaren alde, euskaldunen alde, Euskara Zerbitzuaren alde? Jarraipenari eutsiz, alegia, Euskara Plana bultzatzeko ardura izan duen teknikariaren laguntzaz, zeinek halaber Planaren bitarteko ebaluazioa kudeatu baitu, zein, joandako zerbitzuburuarekin batera, Euskara Zerbitzuaren zutabeetatik bat baita, eskarmentu handikoa, urte luzeetan erakunde handienetariko baten euskara-arduraduna izan dena.

Hori guztia begi-bistakoa den arren, ikusi nahi ez duenak ez dakusa, noski, eta nahiago du, mundu bat irudikatzea, bere gustura eta interesei ondo egokitzen zaiena, aurrean duen munduaren ordez. Zeintzuk dira interesok? Ez dakit, baina hau argi dago: Aitor Montesek gutxi daki eta asko suposatzen du. Adibidez,

1. Suposatzen du une honetan plangintzaz eta Euskara Zerbitzuaz arduratzen den teknikaria agintariek besterik gabe aukeratu dutela, gero nahi dutenari ardura hori emateko

2. Suposatzen du teknikari hori morroi hutsa dela, beldurtia, sabel eskertu bat, seriotasun barik lan egingo duena.

3. Suposatzen du administrazioko zerbitzuburu batek hizkuntza-politika erabakitzen duela, arauak ematen dituela, ez dagoela nagusien aginduetara.

4. Suposatzen du ezohikoa eta irregularra dela bitarteko une batean, iragankortasunez, teknikari batek, finkoa nahiz interinoa izan, goragoko funtzioak betetzea.

5. Eta berak badaki noizbait zerbitzuburu nor izendatuko duten; ardura iragankorra hartu duen teknikariagatik badabil, Jaungoikoak entzun diezaiola Aitorri, segur aski, orain bezala gero ere aukerarik onena izan litekelako, berak nahiko balu, jakina, eta ez dago batere argi.

Aitor Montesek ez daki:
Beraz, Aitor, oso bidezkoa da Administrazioaren erabakiak eta agintariak kritikatzea, eta abagune egoki asko ez dira falta, baina marra gorri batzuk ez zenituzke gainditu behar

1. Ardura hartu duen teknikaria lankideek berek proposatu diotela Osakidetzako agintaritzari, langileen proposamena onartu besterik ez duena egin, jakina, aukera egokia dela ikusirik.

2. Lankideek berek, une kritikoez eta hautagaiaren balioaz jabeturik, erregutu eta konbentzitu behar izan dutela, teknikariak ez zuelako horrelako asmorik.

3. Teknikari batek goragoko funtzioak hartu ahal dituela, iragaitzaz, nahiz eta finkoa ez izan, zeren, Administrazioan, oraingoz, ez baitago kastarik (pentsatu nahi nuke Aitorrek ez duela horrelakorik nahi).

4. Administrazioa erakunde hierarkikoa dela eta, horrela, nahiz teknikariak, nahiz taldeburuak, nahiz atalburuak, nahiz zerbitzuburuak goragokoen esanetara daudela, beti ere legezkotasun printzipioa betetzen den heinean, noski.

5. Euskara Zerbitzuaren burua ez dela Osakidetzako organoetatik bat, ez duela araurik ezartzen, non eta ez den zerbitzu barruko funtzionamenduari dagokionez, eta jakina, ez dela inolaz ere botere legegilea, ez eta organo exekutibo gorena edo judiziala ere.

6. Euskara Zerbitzuaz iragangaitzez arduratzen den teknikaria, oso frogatuta dagoenez, langile esperientziadun, porrokatu, serio, zintzo, argi, bipil eta oso estimatua dela.

Beraz, Aitor, oso bidezkoa da Administrazioaren erabakiak eta agintariak kritikatzea, eta abagune egoki asko ez dira falta, baina marra gorri batzuk ez zenituzke gainditu behar, besteak beste, zure gogora edo interesen arabera pertsonak –agintari eta arduradun mota guztiak barne− modu hain merke eta makurrean laidotzea, iraintzea, eta era berean, argudioak mamitzerakoan edozertaz baliatzea, edozein lotura asmatzeaz, efektismo hutsaren bila, hortik gezur beltz diren funtsik gabeko salaketa gogorretara heltzen zarelako.

Ez zaitez dongea izan, eta ez da ziorik egongo esateko Quosque tandem, Aitor, abutere patientia nostra?

Roberto Manjón Lozoya.
Osakidetzako hizkuntza-normalizazioko teknikaria.