argia.eus
INPRIMATU
Arantza Quiroga, Basagoiti ordezkatzeko hautagai nagusia
  • Arantza Quiroga ez da Antonio Basagoiti EAEko PPko burua ordezkatzeko hautagai bakarra, baina bai nagusia, Madrilgo eta EAEko PPko kideen artean duen babesagatik, bere jarrera "kontserbadorea" dela medio.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 10
Arantza Quirogak PPko sektore "kontserbadorea" ordezkatzen du.

Hala dio Juan Mari Gastaca kazetariak El País egunkarian plazaratutako analisian. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta María Dolores del Cospedal PPko idazkari nagusiak Quirogaren hautagaitza onetsi dute. Politika utzi eta Santander bankuan lanean hasiko den Basagoitik berak proposatu die Quiroga.

Kargua epe motzean hartuko luke Quirogak. "Mugimendu horrekin, geldiarazi egingo litzateke alderdiaren lidergoa hartzeko presazko barne borroka", idatzi du Gastacak: "Basagoitik badaki Quirogak Bizkaiko ordezkarien babesa izango duela, baita arabarrek bizkaitarren alde egin ohi dutela alderdiaren kongresuetan".

Arabarrak, baina, apur bat mindurik omen daude, Basagoitik eta PPko goi karguek gauzak hain azkar egiteak jokoz kanpo harrapatu dituelako. Hain justu, Quirogaren izendapena kolokan jar dezakeen bakarra Alfonso Alonso da, Gasteizko alkate ohi eta PPren bozeramailea Espainiako Kongresuan. Baina ez dirudi aurkeztuko denik, Madrilen "eroso" baitago, Rajoyren babes osoa duela.

Hirugarren hautagaiak, alderdiaren diskurtsoari "freskotasuna" emango liokeen Borja Semperrek, jada esan du ez dela aurkeztuko.

Quirogaren hautagaitzak mesfidantza sortzen du alderdiko sektore "irekienetan", abortoaren eta sexu berekoen arteko ezkontzen moduko gaien aurrean duen jarrera kontserbadoreagatik. Dena den, Maria San Gilek kargua utzi ostean, Quiroga "aldaketaren aldeko apustu irmoa egin zuenetakoa izateak" Basagoitiri lasaitasuna ematen diola gaineratu du kazetariak. EAEko PPko buruaren "espirituarekin" bat dator Quiroga. "Prest dago nazionalismo moderatuarekin akordioetara heltzeko, eta EAJk hiriguneetan uzten dituen botoekin babesa handitzeko", dio Gastacak El Paísen.