JxCat-eko diputatu ohi Quim Torra proposatu du Carles Puigdemontek Generalitateko presidente izateko. JxCat-en eta ERCren 66 botoekin inbestituko dute ezustekorik ezean. Hortaz, eta Espainiako Estatuak oztoporik jartzen ez badu, Torra datorren astean bilakatuko da Kataluniako presidente. Inbestidurako laugarren presidentegaia da; Carles Puigdemont, Jordi Sànchez eta Jordi Turull-en atzetik.
Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez eman du berria Puigdemontek. Torrari eskertu dizkio “muturreko egoeretan kargua hartzearen esfortzu eta sakrifizioa”. Bestalde, kritikatu du Espainiako Estatuak ez dituela abenduaren 21eko hauteskundeetako emaitzak errespetatu.
Hainbat komunikabidek jaso duenez, ziur aski Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek astelehenerako deituko du inbestidura saioa. Hala ere, subiranistek gehiengo osorik ez dutenez, bi bozketa, bi osoko bilkura beharko dituzte presidente berria hautatzeko. 48 ordu geroago egingo dute bigarren saioa. Dena beteko balitz, Quim Torra Kataluniako 131. presidentea bilakatuko litzateke.
Quim Torra Blanesen jaio zen, Gironan, 1962an. 18 urte eman ditu egoitza Suitzan duen aseguru-etxe batean abokatu bezala lanean. Bulegoetako bizitza atzean utzi eta literaturan murgildu zen, Acontravent argitaletxea sortuta. 2009an, Carles Rahola saria irabazi zuen, Viatge involuntari a la Catalunya impossible liburuarekin.
Politikara salto egin zuen 2011n, Sobirania i Justícia erakunde independentistako presidente izendatu zutenean. Urte berdinean kargu instituzionalak ere hartu zituen. Bartzelonako Udalak Ciutat Vellako sustapen kudeatzailea izendatu zuen; eta 2012an, Xavier Trias orduko Bartzelonako alkateak Born Centre Culturaleko zuzendari izendatu zuen.
2015ean utzi zuen Born Centre Culturaleko zuzendaritza, Ada Colauren gobernu berria indarrean sartu zenean. Orduan, Revista de Catalunyako zuzendaritzari heldu zion, eta uztailetik azarora arte Òmnium Culturaleko presidentea izan zen, Muriel Casalsek dimisioa eman zuenean.
Quim Torrak pausu bat aurrera eman zuen bere ibilbide politikoan Junts per Catalunyako diputatu gisa aurkeztu zenean 2018ko abenduaren 21eko hauteskundeei begira. Editore eta abokatuak U1eko erreferendumaren legezkotasuna babesten du.
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak ostegunean esan zuenez, presidente berria egonda ere Konstituzioaren 155. artikuluak indarrean jarraitu beharko luke Katalunian, gobernu berriak ez baldin badu “legea” eta estatutua “errespetatzeko” konpromisorik hartzen.
Bestalde, Espainiako hainbat alderdi eta hedabidek, El Paísek eta PPko Xavier Garcia Albiolek kasu, “espainiarrekiko xenofoboa” izatea egotzi diote presidentegai berriari.
Aquí tenéis el pensamiento del posible nuevo President de la Generalitat. Para él “vergüenza es una palabra que los españoles hemos eliminado de nuestro diccionario” o “solo saben expoliar”. Lo dicho, salimos del fuego y caemos en las brasas. pic.twitter.com/5H3qlZLJh0
— Xavier García Albiol (@Albiol_XG) May 10, 2018