argia.eus
INPRIMATU
Quim Arrufatek “eraso matxistak kudeatzeko prozesu baten erdian” utzi zuen CUP
  • CUPek oharra kaleratu du igandean, Ara hedabideak kasuaren inguruko informazioa argitaratu ostean. Astelehen goizean CUPeko diputatu Natalia Sánchezek adierazi du Arrufatek “kanporatze baten atarian” utzi zuela CUP. Arrufatek desadostasun politikoengatik irten zela azaldu zuen 2020ko ekainean erabakia publikoki jakinaraztean.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 05
Argazkia: elmon.cat.

CUPeko parlamentari eta idazkaritza nazionaleko kide ohi Quim Arrufatek alderdia eraso matxisten salaketen ondorioz utzi zuela argitaratu zuen larunbatean Ara-k. Hedabidearen arabera, 2014an eta 2019an Arrufaten aurkako salaketak aurkeztu zituzten alderdi barnean, hurrenez hurren sexu abusua eta sexu erasoa leporatuta. Ezker independentista salaketa horien ondorioz utzi zuela ziurtatu du Ara-k, kanporatua izatekotan zenean, zehazkiago: erasoa barne mailako egituretan kudeatzen ari ziren CUPen, epaitegietara jo gabe, baina –beti ere Ara-ren esanetan– erasoen aurkako CUPen protokoloan erasoa errepikatzeak kanporaketa dakar.

Kanporaketaren atarian irten

Igandean CUPek oharra kaleratu du, Quim Arrufatek ezker independentistaren alderdia “eraso matxistak kudeatzeko prozesu baten erdian” utzi duela jakinaraziz. CUPek ez dio aipamenik egin Ara-k argitaratutako informazioari, eta ez du erasoen inguruko xehetasunik eman, “eraso matxistak” aipatuz. Erasoei aurre egiteko “protokolo propioa” eta “salaketak kudeatzen dituen batzordea” duela azaldu du, eta protokoloak “konfidentzialtasun erabatekoa” eta “anonimatua” eskatzen dituela, erasoa jasan duen pertsona “bigarren aldiz ez biktimizatzeko”. Emakumeak bestelako bide eta neurriak hartzeko zilegitasuna duela dio oharrak, eta hori egitekotan CUPen babesa duela salatzaileak. "CUPen barruan erasoak gertatzen direla onartzen dugu, eta ez gara patriarkatuarekin eta eraso matxistekin zerikusirik ez dutenak. Horiek identifikatzea, aitortzea eta jorratzea ere bizi ditugun indarkeriak desagerrarazteko borroka feministaren parte da", azaldu du CUPek.

Astelehenean CUPeko diputatu Natalia Sánchezek adierazpenak egin ditu Catalunya Radio-n. Quim Arrufatek erasoei loturiko “kanporaketa baten atarian” utzi zuela alderdia adierazi du.

 

 

 

 

Quim Arrufatek Ara-k argitaratutako informazioa ukatu du sare sozialetan, baina barne mailako prozesua abian zela onartuz zeharka: “Ara-k egozten dizkidan jarrerak ez dira egia. Ez datoz bat batzorde feministaren markoan barne mailan izapidetutako espedienteen edukiarekin. Ara-ren informazioa hauteskundeen atarian CUP kaltetzeko asmoarekin lotu du, eta “zuhurtzia eta errespetua” eskatu ditu.

2020ko ekainean jakinarazi zuen Arrufatek CUPeko militante izateari utzi ziola, vilaweb-en egindako elkarrizketa luze batean. Irteeraren motiboa desadostasun politikoak zirela ziurtatu zuen orduan. “Idazkaritza Nazionala utzi ondoren, hainbat desengainu politiko izan nituen CUPekin. Aldarte orokorra, ez bakarrik CUPena, hodei ilun bat zen, giro txarrekoa eta edonon errudunak bilatzekoa, etorkizunik ez ikustekoa eta kargu hartu nahi izatekoa”, adierazi zuen besteak beste.