argia.eus
INPRIMATU
Qui prodest? Donostiako Alde Zaharraren polizia okupazioari ez!

Piztu Donostia @PiztuD 2021eko urtarrilaren 18a

Larritasunez bizi dugu auzoan Ertzaintzak burutu duen okupazio polizial berria eta, beste behin ere, herritarren aurka erabilitako bortxakeria.

Denok dakigu Alde Zaharrean ere 22:00etarako dugun etxeratze agindua, bestelako osasun irizpideekin batera, behar bezala betetzen dugula. Ordu horretarako Ertzaintzak badaki auzoa hutsik egoten dela egunero eta inolako istilurik gabe.

Zertara dator orduan etxeratze aginduaren ordua baino lehen jendea indarrez auzotik botatzea eta etxeratzea?

Gazte Asanbladak salatu zuen Trinitik gazteak eta haurrak indarrez botatzean sortzen direla istilu horiek beti. Ertzaintzarik gabe normaltasunez hustutzen da egunero Trinia.  

Zertara datoz orduan istiluak sortzen dituen Ertzaintzaren oldarraldi hauek?

Argi dago Alde Zaharra eta bertako bizilagunak daudela jopuntuan. Gazteen aurkako kriminalizazio honekin, gazteak bihurtu nahi dituzte pandemiaren bilakaeraren erantzule. Atentzioa desbiatu eta agintari, instituzional, politiko eta ekonomikoen arduragabekeria zuritzeko.

Praktika hau sistematikoki errepikatzen ari dira beste herrietan ere, Eibar, Ondarru, Zizur, Mungia...  

Agian etorkizunari begira Parte Zaharra eta Euskal Herria poliziaz beterik edukitzeko justifikazioaren bila ari dira agintariak Covid garaian?

Izan diren 4 atxilotuen askatasuna eskatzen dugu eta dei egiten diegu arduradun politiko eta polizialei, ezer larriagorik gertatu aurretik, Parte Zaharreko egoera normalizatzeko, ez gogortzeko, neurriak har ditzaten.

Auzoaren polizia okupazioari EZ!