argia.eus
INPRIMATU
Quim Torra presidenteak legebiltzarrari eskatu dio bere diputatu aulkia defenda dezala
  • Aulkia berreskuratu ezean, “instituzioak arriskuan” jarriko dituela ohartarazi dio Torrak ERCri. Aurretik, Kataluniako Parlamentuko Mahaiak presidenteari diputatu akta kentzea onartu du ERC, PSC eta Ciutadansen aldeko bozkekin. Independentisten arteko haustura agerian geratu da arratsaldeko plenoan.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 27a
Quim Torra Kataluniako Parlamentuan, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE.

Arratsaldeko 15:00etan osoko bilkura hasi da Kataluniako Parlamentuan. Parlamentuko presidente Roger Torrentek jakinarazi du ez duela aintzat hartuko Torraren bozka. Torrak hitza hartu du ondoren, erabakiaren aurka zuzen eginez eta diputatu kargua berreskuratzea exijituz: "Bestela instituzioak arriskuan jarriko dituzue”, esan die gainontzeko diputatuei. JxCateko bozeramile Albert Batet diputatuak Torraren alde hitz egin du: “Gaur Torra presidentea erortzen uzten badugu, nork ziurtatu diezaguke bihar ez dugula gobernua erortzen utziko?”. CUPek “Torra defendatzeko eguna” dela adierazi du. Carles Riera bozeramailearen esanetan, “pragmatismoak” ekarri du gaurko egoera, eta irtenbide bakarra “aurpegia ematea” da. PSCk eta Comunek bat egin dute haien jarreran. Legegintzaldia amaituta dagoela adierazi dute, eta Torra presidenteari eskatu diote hauteskunde berriak deitu ditzala.

Egunak independentismoak bizi duen haustura irudikatu du. Parlamentu barruan posizioek talka egiteaz gain, kalean hainbat eragilek protestak deitu dituzte, ANC tartean. Osoko bilkura bitartean herritarrak parlamentu kanpoan batzen hasi dira.