Noiz edo noiz, sukaldean zerbaitetan ari naizen bitartean, Euskadi Irratia pizten dut, goizaldean. Lehengo batean, bi notizia gurutzatu ziren berriemaileen eta tertuliakideen komentarioetan: lehena, The Guardian egunkariak otsailaren 23an argitaratutakoa: «More than 6,500 migrant workers from India, Pakistan, Nepal, Bangladesh and Sri Lanka have died in Qatar since it won the right to host the World Cup 10 years ago». Hamar urtean, 6.500 langiletik gora hil omen dira Qatarren, emigranteak denak, datorren urtean Munduko Futbol Kopa hartuko duten instalazioak eraikitzen. Pare bat hildako egunero. Kontuak ateratzen hasita, txapelketaren azken fasera pasako diren hogeita hamabi taldeetako bakoitzari berrehundik gora hildako tokatuko litzaioke. Zer eta desertuan hiri berri bat, autobideak, aireportuak, estadioak eraikitzeko, FIFAk antolatzen duen Munduko Futbol Kopa egiteko. Haraino ailegatzen den futbolari ospetsu bakoitzeko miseria gorrienean hildako hainbat langile zenbatu beharko litzateke. Aritmetika makabroa, bai. Nor ausartuko da hain gustu txarreko nahasketa hori –futbolaren, emozioaren eta hiltzera kondenaturiko paria horien artekoa– egitera? Negozio erraldoiak, futbolak hauspotzen dituen identitate-sentimendu itzelak, esklabotza, heriotza…
Nire ustea da “dagoenarekin” konformatzen ez garenoi, gero eta ur arre eta nahasiago hauetan murgiltzea eta kontuok bereizten eta neurrian erlazionatzen ahalegintzea eskatzen zaigula.
Bigarren notizia, zuzeneko konexio eta guzti, honakoa: «Errealak Errege Kopa eraman die Donostia Ospitaleko langileei. “Kopa hau ere zuena da”, adierazi du Jokin Aperribai lehendakariak, Imanol Alguacil entrenatzailea, Asier Illarramendi kapitaina eta Mikel Oyarzabal finaleko gol-egilea buru dituen Errealeko espedizioa atzean duela». Nire buru maltzurrak bestelako irakurketa eragin dio notiziari: “Gipuzkoako arma-fabrikatzaile batek Ospitaleko ZIUko buruari eta erizain bati Espainiako errege Felipe VI.ak emandako trofeoa eskaini die”. Jakina da Gipuzkoan egiten diren armek trafiko ugaria dutela Arabia Saudi bezalako estatuekin eta Espainiako monarkiak harreman ezin hobea duela hangoekin: Petro-monarkia, futbola, armak, gerrak…
Euskadi Irratiko tertuliakide arrazionalistenak honako gogoeta hau egin zuen nik irratia itzali baino segundo batzuk lehenago: “Hemendik urte batzuetara groteskoa irudituko zaie ordukoei hemen gertatzen ari dena” (Errege Kopa eta ospitaleko langileen lan eskerga nahasteaz ari zen). Baina gehiengoaren sentimenduekin bat egiten dutenei bestelako gogoeta aterako zaie halako nahasmenduak entzunda: “Zergatik ez aprobetxatu une zirraragarri hori ospitaleko zaintzaileen sakrifizioak gure sentimendu nobleenez blaitzeko? Hori eta besterik ez da hor agerian jarritakoa; bazterrak nahasteko gogoa da kontu horiek futbolaren miseriekin, monarkia ustelekin, arma fabrikatzaileekin eta langile esklaboen heriotzekin nahastea”.
Baina kontuok (pandemia, futbola, ospitaleak) aspaldi bere onetik atereak dabiltzala iruditzen zait niri, eta notiziok bata bestearen ondoan entzunda, ezin saihestu halako gogoeta nahasietan murgiltzea. Eta gauzak are gehiago bihurrituz, horra nire buruari piztu zaion galdera: Ez al da posible elkartzea Qatarren bizitza galtzen dutenen eta Ospitalean bere bizitzaren alderik onena sakrifikatzen ari direnen zoria? Ez al da posible elkartzea dagoeneko urte betez luzatu den eta beste zenbat iraungo duen pandemiaren ingurukoak eta Qatarreko adibideak erakusten duen mundu mailako gerra sozial gupidagabea?
Beti egon da joera bat unean uneko Jainkoei sakrifiziorako aldareak eraikitzekoa bertan eskaintzeko garaitutako gerrarien odola, edo era guztietako herejeena; baita “dragoia asebeteko duen” birjin edo gazteena ere. Kapitalismoak ere eraiki ditu bere sakrifiziorako aldareak, eta, gogoz edo kontra, erritu makabroak ez du etenik izan behar.
Jende arrazionaloi iruditzen zaigu garai bateko Aldare Sakrifizialak superstizioen eta haien altzoan eraikitako botere maltzurren ondorio zirela. Garai bateko erlijioak eta sineskeriak alde batera utzi eta Zientzian dugu guk fedea eta esperantza –karitatea zen hirugarren bertute teologala, eta geuk zientzia horren erabilera arrazional eta zintzora bideratu nahi genuke garai bateko erruki hura–. Baina, Zientzia deitzen dugun hori ez al da garai bateko Erlijioek guregan zuten lekua hartzen ari? Ez naiz ari zientziak erabiltzen dituen printzipioei buruz, erlijioaz ari naizenean ebanjelioez edo espiritu zintzo eta eskuzabal askok egiten duten hautu pertsonalez ari ez naizen bezala.
Diskriminazioan, gerran eta ahulenen lapurretan oinarritutako sistema bati arnasa ematen zaio, eta gizarte-bizitzaren oinarri gisa arriskuaren kontzientzia indartu… Horiek dira, besteak beste, bizi dugun egoeraren ezaugarriak.
“Erlijioaren fenomenoa Jainkoaren heriotzaren ostean” gaiaren inguruan sakon pentsatu dutenen artean dago Peter Sloterdijk filosofoa. Aldatu behar duzu zure bizitza liburuan bost arau azaltzen ditu erlijiotasunaren fenomenoa ezagutzeko. Horietako hirugarrenak dio: “Zerbaiten posibilitatea bere ezinezkotasunean datza”, horixe baino ez baita sineslea, enpirikotasuna alboratu, eta benetan existitzen den ezinezkotasunaren eremuan barneratzen dena. “Artistak ezinezkoarekin duen tratatzeko malgutasuna lortuko du arau honekin saiatzen denak” (Du mußt dein Leben ändern; Suhrkamp 2009. Tu dois changer ta vie!; Maren Sell 2011. Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica; Pre-textos 2012. Aipua, azken itzulpen honen 96.orrialdean). Ez al dira, bada, “Zientziak” eta haien ondorengo teknologiak erlijioaren lekua hartzen ari munduaren alde aberatsenetan? Eta erlijioa diot ez dagoelako “Zientzia” dei litekeen ezer, zientzia asko baizik, edo gehienez ere “metodo zientifikoa” izenda litekeen zerbait. Eta zentzu erlijioso hori hauspotzen duten propagandista eta klerikoek “ezinezkoa den zerbaiten existentzian” sinestera eramaten gaituzte: “Zientziak konponduko ditu gizateriak dituen arazo guztiak. Beti aurkitu dira soluzioak, eta horrela izaten jarraituko du hemendik aurrera ere, obskurantismoan itsu dabilen jendearen erresistentziak gainditu ahala”. Eritasun guztiak eta heriotza bera gaindituko direla agintzen digu erlijio berriak, eta baita bizitza mugatuari loturiko miseria guztiak ere. Gaur ezin bada, bihar; hemen ezin bada, Marten.
Argiago esplikatu du kontu hori beste filosofo europar batek, Giorgio Agambenek, “Zientzia” eta Medikuntza lotuz, pandemia garaiotan idatzi duen Medikuntza erlijio gisa izeneko artikuluan:
“Zientzia gure garaiko erlijio bihurtu dela, gizakiek sinesten duten hori alegia, nabaria da aspalditik [...] Zientziak, erlijio orok bezala, forma eta maila desberdinak ezagutzen ditu, eta horien bidez antolatzen du bere egitura: dogmatika sotil eta zorrotz bat eraikitzea, praktikan, oso esparru zabal eta kapilar bati dagokio, eta horrek bat egiten du teknologia deritzonarekin […] Ez da harritzekoa erlijio-gerra berri honetako protagonista zientziaren zati bat izatea, zeinean dogmatika ez den hain zehatza eta alderdi pragmatikoa, berriz, indartsua: medikuntza alegia, zeinaren berehalako helburua gizakien gorputz bizia baita [...] Gurtza-praktika hori orain arte, liturgia oro bezala, noizbehinkakoa eta denboran mugatua zen, baina ikusten ari garen ustekabeko fenomenoa iraunkorra eta nonahikoa bihurtu da. Kontua ez da botikak hartzea edo azterketa medikoak edo kirurgia egitea beharrezkoa denean: gizakien bizitza osoak [zaintza medikuen] kultuzko ospakizun etengabea izan behar du une oro”.
Osasun-arazo larri bat dugunean, medikuetara jotzen dugu guztiok, ospitalera beharbada, gehiago pentsatu gabe; eta horiek gabe hilda egongo ginateke asko eta asko. Bestalde, “larrialdi sanitario” bat gertatzen denean, inoiz baino aukera gutxiago dugu osasun kontuez pentsatzeko: erabateko konfiantza eskatzen digute, eta ematen diegu. Geure buruak dakitenen eskuetan jarri eta haien aginduak betetzen ditugu; gainontzeko guztia denbora galtzea eta endredatzeko gogoa da, arduragabekeria ez denean.
Fedea, esperantza…, eta obedientzia. Modu horiek, baina, ez al dira betidanik atxikiak egon erlijioaren gauzatze totalitarioari? Orain ehun urte, gure landa-inguruneko zein bikoteri bururatuko litzaioke elkarrekin bizitzen jarri eta umeak egitea ezkonduta egon gabe, elizatik pasatu gabe alegia? Eta hala eginez gero, zer ondoriorekin? Zer ondorio izango dute gure artean sistema sanitarioak ezartzen dituen protokolo eta betebehar guztiak betetzeko prest egongo ez direnek? Eta orduko klerikoek eta egungo mediku-komisarioek antzeko arrazoi ukaezinak ematen zituzten eta dituzte: “Bizitza salbatzeko Jainkoaren/Zientziaren legeak betetzea besterik ez dago”.
Ez dut zalantzarik Donostiako futbol taldeari emandako kopa hori emozioz jaso zuten sendagileak eta erizainak pertsona zintzoak eta profesional zorrotzak direla. Uste dut langile horiek beren esku dagoen guztia egiten ari direla gaixorik dagoen jendea lagundu eta haien biziak salbatzeko. Askotan esan dute beren indarren mugetan dabiltzala eta gainezka eginak. Sinesten ditut.
Haiek ere behartuak dira, denok barneratzen gaituen sisteman, beren ekarpen sakrifiziala egitera, Qatarreko langile emigrante esklabotuak bezala, beste maila batean bada ere. Baina, aldi berean, ezin ez ikusiarena egin kopa hori eskaintzen zutenen esku odolez bustiei –arma-fabrikatzailea, Qatar 2022 Munduko Futbol Kopa…–, eta, antzezpen horretako norbanakoen sentimenduez landa, beharbada, zilegi da pentsatzea gure sistema sanitarioa eta giza suntsiketarako eta gerrarako industriak txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla.
Osasuna izan liteke gurean fetitxe hori. Haren izenean, “pandemiaren aurkako gerraz” ari gara modu obsesiboan, eta “immunizazio-kanpaina orokorra” helburu duen azken batailan murgilduta gaude. Estalki horren pean, agintariek neurrigabekeria teknologikokoari edo kontrol sozialeko proiektuei babesa eman diezaiegun lortzen dute.
Hirugarren filosofo kutun baten gogoetarekin ilustratu nahiko nuke aurreko baieztapena. Ivan Illich pentsalariak medikuntzaz eta beste hainbat instituzioz ikerketa sakona egin zuen XX. mende amaieran. Bere bizitzaren azken denboran “sentimentalismo epistemikoaz” aritu zen. “Oihartzun nahasiz betetako basamortu semantikoa” omen da sentimentalismo hori. Bertan murgilduta, “prestigiozko fetitxeren bat” behar dugu, segurtasun-estaldura edo -abaro gisa erabili ahal izateko. Osasuna izan liteke gurean fetitxe hori. Haren izenean, “pandemiaren aurkako gerraz” ari gara modu obsesiboan, eta “immunizazio-kanpaina orokorra” helburu duen azken batailan murgilduta gaude. Estalki horren pean, agintariek neurrigabekeria teknologikokoari edo kontrol sozialeko proiektuei babesa eman diezaiegun lortzen dute. Illichek sentimentalismo epistemiko deitu zion horri, ezagutzatik eraikitako objektuak bereganatzen dituelako, haiek naturalizatu, “fetitxe ospetsu” bihurtuz. Hilabeteotan, bizitzak babestu eta salbatu behar ditugu eta, horren izenean, sistema sanitarioa goratu, eta agintariek sanidade horren alde hartutako neurriak eztabaidaezin bihurtu dira. Maila horretako helburu nobleek sentimendu-uholde bati zabaltzen diote atea, hau guztia noiz edo noiz bukatuko den esperoan, “osasun kontuak” eta gainontzeko guztia modu estankoan bereiziz. Immunizazio orokorra ekarriko omen duen txertaketa-kanpainaren barruan gaude egunotan: “Zure txertoak babesten nau, nire txertoak babesten zaitu” afixez bete dira bazterrak. Eta Eusko Jaurlaritzaren mezu argiez: “Helburua da pixkanaka herritar guztiengana iristea, baina dosi nahikorik ez dagoenez, gure txandaren zain egon behar dugu, eta elkartasuna adierazi ahulenen edo infektatzeko arrisku handiena dutenen aurrean”. Txertoaren inguruan gertatzen ari den guztia estaltzen du sentimendu horrek, zer esanik ez pandemiaren kudeaketaren eta sistema sanitarioaren inguruko edozein galdera edo eztabaida. Nor ez dago, bada, besteez kezkaturik? Nork ukatuko dio eskua zaurgarrienari? Galdera horietatik edaten du sentimentalismo epistemikoak. Ondorioz, errealitate fantasmal bat “humanitarioa” edo errukizkoa bihurtzen dugu, eta gertatzen ari diren beste gauza guztiak erabat ezkutatzen.
Arriskuaren kontzientzia areagotuz eta Bizitzaren eta Osasunaren izenean, jendartea kontrolatu eta bideratzeko martxan dira esperimentu masiboak; giza harremanetarako, lanerako eta heziketarako, telematika lehenetsi; kontrol poliziala areagotu… Diskriminazioan, gerran eta ahulenen lapurretan oinarritutako sistema bati arnasa ematen zaio, eta gizarte-bizitzaren oinarri gisa arriskuaren kontzientzia indartu… Horiek dira, besteak beste, bizi dugun egoeraren ezaugarriak.
Nire ustea da “dagoenarekin” konformatzen ez garenoi, gero eta ur arre eta nahasiago hauetan murgiltzea eta kontuok bereizten eta neurrian erlazionatzen ahalegintzea eskatzen zaigula.