argia.eus
INPRIMATU
Puzgailuak definitzen du gure jendartea
  • Usteldu eta lur bihurtzen dira” esanda borobildu zuen bere erretolika. Ezagun bat zuhaitzek eta zuhaixkek urte garai honetan askatzen dituzten hostoez ari zen. Gaizki-esaka. Bera txirrindularia da, lanetik kanpo txirrinda besterik ikusten ez duen horietakoa. Euri-jasa galantak izan diren egun zoragarri horietako batean, txirrindari heltzeko giro zakarra eta kafe bat hartuz aritu gara gaiaz. Berari, bide ertzean txirrindaz joateko enbarazu egiten dio orbelak, noski! Ez eta baiari ustez errematea eman nahian bota zuen usteldu eta lur bihurtzen direlako hori. Berari irrist egiteko arriskua zena niri hostoen aldeko arrazoiketa indartzeko argudio dotorea iruditu zitzaidan. Lurra bizitzaren oinarri nagusia da!

Jakoba Errekondo 2021eko abenduaren 16a

“Hostoari gerra” da kaleetako ikurritz nagusia urte sasoi honetan. Aspaldi hasi zen gerra; dagoeneko irailean ekin zioten lehen gudariek hostoaren kontrako gudaldiari. Oraindik hostoz bete-bete jantzita zirela lehen adar mozketak ikusten hasi ginen batean eta bestean. Betiko kontu jakina da, baina errepikatzea merezi du: kale garbitzaileei lana kentzeagatik zuhaitzak hiltzen ari gara. Hostoari zuhaitzaren gainean ez bazaio bere zikloa burutzen uzten, zuhaitzak ez ditu behar bezala osatuko negua poliki igaro eta hurrengo urtea indarrean hasteko behar dituen gordekinak. Hosto bat espaloian ikustea baino hobe da zuhaitza hiltze bidean jartzea. Hori da inausketa hostotsu hori egiten duena, hobe esanda, hori hagintzen duena: eraile bat.

Bada beste lubaki bat guda horretan: puzgailua edo putz egiteko makina. Garai batean, erratza erabiltzen zen; txilar erratza edo inar isatsa edo ilarra isuskia (Erica spp.) zen kale garbitzaileen arma nagusia. Eragin motzeko arma, kolpeka-kolpeka hostoak pilatxoetan bildu eta saskira eramateko nahikoa. Gaur egun putz egiten duten makinak dira bazter guztietan. Asko eta asko ikaragarrizko burrunda zalapartatsua sortzen dutenak, ixiltxeagoetarako joera zabaltzen ari bada ere. Baina gerrako makinak hurbiltzen ari direla ohartarazten duen burrundara ez da txarrena. Okerrena egiten duen lanaren ondorioak dira. Hostoa ufatu eta bildu bai, baina baita hautsa, polena, hegazti txakur eta abarren gorotzak, alergenoak eta abar haizatu ere, urrun asko eramanez, etxeetara adibidez, baina baita gure eztarrietara ere. Hostoak toki jakin batzuetan biltzea bale, baina belardi, lorategi eta abarretan lasai asko utz daitezke bertan, ekosistema aberastuz. Eta erabiltzen duten energia eta sortzen duten ke kutsakorra...

Sistema errazagoa, ederragoa, garbiagoa eta naturalagoa izateaz gain langabeziari aurre egitea eta ariketa egitea bultzatzea bezalako mesede asko dakartzala-eta erratzera bueltatzea ez dut eskatuko, noski. Ala bai?