argia.eus
INPRIMATU
Putzuak sortu (nahi) dituzten ikastetxeen sarea aurkeztu dute
  • Habitat baten erreprodukzioa aukera paregabea da eskolan ingurumena edota bioaniztasuna lantzeko, eta hori jakinik irakasle eta ikasleek putzuak egin dituzte hainbat ikastetxetan, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz. Eskoletako Urmaelen Sarea aurkeztu dute orain eta putzuak sortzera gonbidatu dituzte Euskal Herriko ikastetxeak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko azaroaren 03a

Erraminta didaktiko bikaina dira putzuak, ikasleekin espezieez, bioaniztasunaz, ingurumenaz… hitz egiteko, ingurumenaren gaineko kontzientziazioaz, planetarekiko errespetuaz eta espezieen kontserbazio beharraz aritzeko. Erreportaje honetan kontatu genuen moduan, ikasgelako teoriatik praktikara salto egiteko laborategi natural ezin hobea dira batetik, eta hezeguneak berreskuratzeko ekintza aberasgarria dira bestetik. Izan ere, bioaniztasunaren ikuspegitik balio handia dute hezeguneek, baina habitat urria dira, eta urmaelak sortzea bera bada “gizakiak naturarekin zuen zorra kitatzeko modua, neurri batean”, diote Aranzaditik. Europako beste herrialde batzuetan, oso hedatutako ekimena da putzuen sarea.

Ikasle, irakasle eta boluntarioak dira putzua ikastetxe inguruan edo ikastetxetik gertu egiteaz arduratzen direnak, Aranzadiko adituen gidaritzapean. Ondoren, ikastetxea arduratzen da hura zaintzeaz eta eboluzioa aztertzeaz, baina Aranzadiko herpetologoek ere bisitatzen dute. Bisita-gidatuak, hitzaldiak eta ingurumen-tailerrak egiteko aukera ere ematen dute putzu hauek.

Zure ikastetxea ere ekimenera batu daiteke

Ataungo Joxe Migel Barandiaran eskolan aurkeztu dute Eskoletako Urmaelen Sarea. Horrez gain, sarearen parte dira Txirrita Herri Eskola, Umerri Herri Eskola, Gorbeia Eskola, Plaiaundi Institutua eta Gasteizko magisteritza fakultatea. Dinamika hau martxan jarri nahi duten ikastetxeek Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri daitezke harremanetan, eta informazio osoa aurkituko dute helbide honetan.

Ikusi Plaiaundi institutuko esperientziaren argazkiak: ikasleek putzuak egin zituztenekoak, eta gerora putzuetara eta ondoko parke ekologikora antolaturiko txangoarenak.