argia.eus
INPRIMATU
Putreentzako janlekuak, turistak erakartzeko amu
  • "Valderejoko hegazti sarraskijaleen janlekuak erabilera turistikoa izango du". Atentzioa eman digu Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute kazetariak Alea.eus agerkarian plazaratutako albistearen goiburuak. "Putreak baliatu, putreak erakartzeko?", ateraldi gatzduna nirea, turistak hainbeste zeresan ematen ari diren... garenean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko abuztuaren 27a
EAEko sai arreen kopururik handiena Araban dago –erdia baino gehiago–, eta kolonia handiena Valderejokoa da. / Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak, ohiko bisitariak eta natura-argazkigintzaren zaleak erakartzeko asmoarekin, hegazti sarraskijaleen janlekuaren eta behatokiaren kudeaketa turistikoa aurreikusten duen proiektua esleitu du, 21.366 euroan. Eredu bezala hartu ditu Espainiako Estatuko beste proiektu batzuk, euskaldun askoren peregrinazio-gune den Ainsakoa (Huesca) tartean. Lehen fasean –honek ere gure etorria hauspotu du– hegaztiak turismora ohitzea izango da helburu nagusietakoa, Alea.eus-en irakurri dugunez. Horretarako, elikadura osagarria emango zaie hamaika hilabetez. Bigarren fasean bisita pilotuak egingo dira, gehienez bost lagunez osatutako taldeetan.

Kuriosoak iruditu zaizkigu, halaber, bisitariek argazki ahalik eta ederrenak ateratzea xede, eszenografia prestatzeko gomendioak:  "Jarduera honek eskatzen dituen eskakizun estetikoak direla eta, enpresa esleipendunak hobekuntza txiki bat egin beharko du janlekuan. Hobekuntza horretan, landare igokariak edo zuhaixkak landatuko dira perimetroko hesiaren ondoan, eta 'eszenografia' bat egingo da behatokiaren aurrean. Eszenografiak, bestalde, elementu naturalak izan beharko ditu, hala nola enborrak edo harriak, argazkiak atera edo filmatu beharreko eszena erakargarriagoa egiteko".

EAEko sai arreen kolonia handiena

EAEko sai arreen kopururik handiena Araban dago –erdia baino gehiago–, eta kolonia handiena Valderejokoa da. 2019ko azken datuen arabera 103 sai bikote daude Gaubeako parkean, Estitxu Ugarte kazetariak azaldu bezala. Valderejoko janlekua 1970eko hamarkadan zabaldu zuten, Lahoz herriaren ipar-mendebaldeko muino batean. 2001etik 2007ra ez zen bertan hildako animaliarik utzi –behien entzefalopatia espongiformea zela-eta–. 2007an janlekuaren perimetroa (11.800 metro koadro inguru) hesitu zuten.

2007. urteko egunkariek jaso zutenez, putreentzako janlekuak jartzeak helburu argia zuen: hegaztiek ganaduari eraso ez egitea, "behi eroen" gaitza dela-eta hildako animalia gutxiago uzten zelako mendietan. Ondorioz, putreek zabortegietan bilatzen zuten geroz eta sarriago jatekoa. Bazen, gainera, putreek ganaduari eraso egiteko beste arrazoi bat. Arabako ingurumen diputatu Mikel Mintegik azaldu zuenez, Badaiako mendizerran zegoen janlekua itxi zenean –alboan zegoen parke eolikoko haize-erroten hegalek putreak kolpatzen zituzten– hegaztiak beste bide batzuetatik hasi ziren jateko bila, El Correo-n irakurri dugunez.

Egiari zor, lehen begi-kolpean irriñoa aterarazi digun goiburuari tiraka gai interesgarriak azaleratzen dira, turistak erakartzearen helburu hutsetik haratago. Putreen presentzia garrantzitsua baita ingurumenarentzat, larreetan hildako animalien gorpuak –ehiztariek "galdutakoak" izan daitezke, autoek harrapatutakoak...– txikitzen dituztelako, Arabako sai arreen koloniez mintzo den Noticias de Alava egunkariko artikuluak nabarmendu bezala.