argia.eus
INPRIMATU
Putinek orain arteko emaitzarik onenak lortuta irabazi ditu Errusiako hauteskundeak
  • Errusiako hauteskundeetan, Vladimir Putin presidenteak botoen %87 lortu du eta agintean izango da 2030era arte. Putinek adierazi du Navalni trukatzeko ituna egina zuela oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago.

ARGIA @argia 2024ko martxoaren 18a
Putinek beste sei urtez jarraituko du agintean.

2.000 urtean agintea hartu zuenetik, sekula izan duen garaipenik handiena eduki du. Botoen %87,29 lortu du eta beste sei urtez jarraitu ahal izango du agintaldian. 2020an, Konstituzioaren klausulak aldatu zituen, eta horri esker, 2030ean berriz aurkeztu ahal izango da 71 urteko mandataria. Parte-hartzea inoizko handiena izan da, %77,44 eta 1991n ezarritako errekorra gainditu du, %74,66.

Bigarren postuan gelditu da Nikolai Kharinotov Alderdi Komunistako kidea botoen %4arekin. Vladislav Davankov zentro eskuinekoa hirugarrena izan da botoen %3arekin. Ehuneko bera lortu du Leonid Slutskik.

Oposizioak ez du bozketan parte hartu. Hautagaiak erregistratu gabe gelditu dira hainbat arrazoi teknikorengatik edo forma akatsengatik. Ukrainarako bakea lortzea babesten duten hautagaiek ere ez dute parte hartzerik izan.

Navalni trukatzeko asmoa zuela esan du

Putinek adierazi du Alexei Navalni oposizioko kide ezagunena, hil aurretik, Europan preso dauden errusiarrengatik trukatzeko ituna egina zuela. “Baina zoritxarrez gertatu zena gertatu zen”, esan du, eta heriotza “gertakari tristetzat” jo du. Berak baldintza bakarra jarri zuela adierazi du, “ez dadila bueltatu. Baina horrelakoa da bizitza”.