argia.eus
INPRIMATU
Nord Stream 2 gasbidea prest dago Europara gasa bidaltzeko, Putinen arabera
  • Sabotajeen ondorioz kalterik jaso ez duen gasbiderako lotura baten bidez Europa gasez hornitzea posible duela esan du Errusiako presidenteak, baina Europako Batasunaren esku dagoela orain erabakia, The Guardian-ek jaso duenez.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 12a
Putinek esan du Nord Stream 2 gasbidea gasa bidaltzeko prest dagoela / Argazkia: Reuters

Vladimir Putin Errusiako presidenteak jakinarazi du Errusiak prest duela Europara gasa bidaltzeko Nord Stream 2 gasbidearen lotura bat, The Guardian hedabidean irakur daitekeenez. Hoditeria horrek ez du kalterik jasan azken asteetako sabotajeetan, eta martxan dago jada. Errusiako Energia Astearen nazioarteko foroan eman du Putinek albistea.

Nord Stream 2 gasbideko kalteak ere konpontzeko aukera dago, baina horretarako Europako Batasunak baiezkoa eman behar duela gogorarazi du: “Errusiak prest ditu gasa bidaltzeko mekanismoak; EB horietaz baliatu nahi bada, iturria irekitzea besterik ez du”.

Europak negurako espero duen energi krisiaren harira, Putinek gehitu du Errusia ez dela prezioaren garestitzearen errudun, baizik eta Europa bera izan dela mundu mailako krisi energetikoa sorrarazi duena, eta gainera, herrialde pobreenak izango direla prezio altuak gehien sufrituko dituztenak.