Errusiako presidente Vladimir Putinek Donbassko Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortu du otsailaren 21ean eta Errusiako Parlamentuak ondorengo orduetan berretsiko du Putinen erabakia. Honek dekretuan jaso du armada "bake eginkizunetarako" Donbassera bidaltzeko aukera.
Aurreko astean bozkatu zuten Errusiako diputatuek Luhansk eta Donetseko herri errepublikei independentzia aitortzearen alde. Diputatuek adierazi zuten Donbassko errusiarrek laguntza behar dutela, eta "helburu humanitarioa duten neurri egokiak babesten" dituztela. Bi herri errepublikei independentzia aitortu ostean, Errusiako behe ganberako diputatuek Putin presidenteari eskatu zioten erabakia berrestea, eta otsailaren 21ean hala egin du Putinek Segurtasun Kontseiluan. Azkenik, Errusiako Parlamentuak onetsi beharko du Donbasseko independentzia, eta ondorengo orduetan egingo duela espero da.
Putinek bere erabakiaren berri eman die Frantziako eta Alemaniako agintariei, eta mendebaldeko estatuek honen aurka erreakzionatu dute:
AEBetako presidenteak Donbasseko bi herri errepubliken aurka zigor ekonomikoak ezarriko dituela iragarri du. Berri agentziek jakitera eman dutenez, Putinek independentzia aitortu berritan, Biden 35 minutuz mintzatu zen telefonoz Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin.
Errusiak Donbasseko bi herri herrepubliken independentzia aitortuta Ukrainaren burujabetza urratu duela uste dute Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta iragarri dute Europako Batasunak zigorrak ezarriko dizkiela "legez kanpoko ekintza horrekin zerikusia dutenei".
Donbassen azken egunetan bizi duten egoeraz idatzi du Lander Arbelaitzek.