argia.eus
INPRIMATU
Putinek “disuazio-indarrak” alerta gorenean jarri ditu, arma nuklearraren mehatxua zabalduz
  • Mendebaldearen jarrerari erantzuteko hartu du erabaki hori Vladimir Putin presidenteak. NATOk salatu du Errusiaren jarrera "arduragabea".

2022ko otsailaren 27a
Bideo bidez zabaldu du berria Vladimir Putinek

Mendebaldeak bideratu zigorrei eta NATOko herrien agintariek plazaratu "adierazpen erasokorrei" erantzuteko hartu du erabakia Errusiako presidenteak: "disuazio-indarrak" alerta gorenean jarri ditu, arma nuklearraren mehatxua zabalduz.

Telebista bidez zabalduriko adierazpen baten bidez jakinarazi du pauso berri hau otsailaren 27 honetan. Ez da lehen aldia nuklearra erabiltzeko mehatxua zabaltzen duela Vladimir Putinek. Ostegunean jada ondokoa adierazi zuen: [Mendebaldearen jarreraren parean] "Errusiaren erantzuna berehalakoa izanen da eta inoiz ikusi gabeko ondorioak eragingo ditu".

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak gogorki kritikatu du igande honetako erabakia: jarrera "arduragabea" dela dio, "erretorika arriskutsua" dela gehituz.

Negoziazioak hasi dira

Errusiak eta Ukrainak baieztatu dute elkarrizketak abiatuko dituztela. Ukraina eta Bielorrusiaren arteko mugan bilduko dira gaur berean.